Donostiaren lehentasunak eraldatzearen beharra
Gazteak larrialdi klimatikoari ahotsa emateko kalera atera ginen lehen alditik, muturreko gertaera meteorologiko ugari gertatu dira. Aurten bakarrik, oso gertaera larriak ikusi ditugu. Esaterako, urtarrilean, Filomena ekaitza Madrilen; uztailean, Kanadan 500 lagun hil zituen 46 graduko tenperatura gainditu zuen bero bolada; eta abuztuan Bangladeshen egon ziren uholdeak, milaka rohingya errefuxiaturen lekualdatzea ekarri zutenak. Hau jakin ostean, zaila da ezer gertatu izan ez balitz bezala gure bizitzekin jarraitzea. Baina egia da informazio honek sortzen duen ekoantsietatea oso geldiarazlea dela.
Horregatik, maiz, urrun gertatzen dena albo batera uzten dugu, aurrera jarraituz. Donostian hori egitea ez da batere zaila, Kontxatik zein Pasealeku Berritik ibiliz haren edertasunean galtzea errazegia delako. Izan ere, Donostia Europako aire garbiena duten hogei hirietako bat da.
Zein da arazoa Donostian? Bizi maila ona mantendu dadin, jarduera kutsakorrak hiritik kanpo egiten direla. Zaborren kudeaketa, adibidez, Zubietan jarri duten erraustegiaren esku dago, haren inguruan bizi den biztanleria kutsatuz, sortutako gas isurketekin. Asko handitzen ari dira Donostia turistentzako hiri erakargarri bihurtzeko ahaleginak. Horietako bat surfarena da, oraindik Zurriola hondartzara mugatzen den jarduera. Orain, Wavegarden enpresaren olatu artifizialen beste instalazio bat eraikitzea planteatzen ari dira, biodibertsitatearentzat funtsezkoa den eremu batean.
Hori guztia Europako funtsak lortzeko Donostia Zentrala proiektua aurkezten duten bitartean. Hiriaren mugikortasunaren eraldaketarako funtsezkoa izan daiteke, baina ez dugu ahaztu behar larrialdi klimatikoaren arazoen alderdiak handiegiak direla, eta ezin garela horrekin konformatu.
Justizia ekosoziala behar dugu, bizitza erdigunean jartzen duten neurri zehatz eta zorrotzekin. Ezin da lehentasuna izan hotelez betetako hiri turistiko bat izatea, bertako komunitateak sustatu eta lagundu behar dira, haien garapena bermatzeko guneak eskainiz. Mundu osoko erakundeak planeta eta pertsonen osasuna bermatzera behartuak egon behar dira, biziraupena bermatu dadin.