Egunaren arabera
Igandean, hilaren 10ean, 21:30ean, ETB1en: Txillardegiren klika dokumentala. ETBk euskara hutsez izan beharko lukeela aldarrikatzen zuen Txillardegik. ETB2rentzat gauza bera gaztelaniaz errepikatuko ote zuen galdetzen ziotenean ezezkoa erantzuten zuen. Euskaldun ahaldundu bat pantailan.
Larunbatean, hilaren 9an, 19:00etan, Musikenen: Txillardegiri omenaldia. Korrika, EHU eta Jakinen eskutik aitortza egin zaio bere ekarpenari. Pozez betetako Jone Forcada handi bat ikusi dugu oholtzan. Hunkigarria izan da.
Ostiralean, hilaren 8an, 19:00etan, Antiguako Ertzain etxearen aurrean: elkarretaratzea. Eskubide urraketak salatu ditugu oihu eta kantu artean. Eneka Alvarezi, Txillardegiren ilobari berari, Ertzaintzak 600 euroko isuna jarri baitzion euskaraz egin ziezaioten eskatzeagatik eta Argia-ko kazetari bat epaitua izango baita momentua grabatu zuelako. Euskaldun ahaldunduak zigortuta.
Asteazkenean, hilaren 6an, 12:00etan, Gipuzkoako Aldundian: prentsaurrekoa. EHEk eta Ernaik ostiralerako elkarretaratzea deitu dute. Kafe garaian atera dugu gaia. Lankide batek galdetu dit ea zein den arazoa gazteak ertzainari euskaraz egin ahal izan bazion. Mingain ustez ahaldundu hau erre dut.
Astelehenean, hilaren 5ean, 22:30ean ETB2n: El conquistador del fin del mundo. Lagun batek bertan parte hartzen duela eta gogotsu jarri dut. Baleak sabanan ikustea iruditu zait. Euskaldunak gazteleraz jo eta ke pantailan.
Eta badoaz egunak ohartzerako.
Askotan, gogo eta indar bizia izaten dugu ahoko karameluaz jolasteko. Edo lankideari azaltzeko ertzainek nahi duten moduan hitz egin ahalko dutela uniformea eranzten dutenean, baina zerbitzuan daudenean herritarren eskubideak bermatzea dagokiela.
Beste batzuetan nekatuta egoten gara eta karamelua harritzar bilakatzen da gure hortzen artean. Ahoan mantentzeko pisutsuegia. Urteetan jasotako zigor, isun eta gutxiespenek pisatu egiten baitute hizkuntza askatasunez hauta omen daitekeen garaiotan.
Eta hor gabiltza, ahalduntzeko gurpilean aurrerantz bi pauso- atzerantz pauso erdi, edo aurrerantz pauso erdi- atzerantz bat, egunean-egunean dugun indarraren araberako mikroiraultzak egiten.
Bitartean, euskararen agenda neurri zehatzen bila dabil, administrazioaren bulegoetan zein zirrikitutik sartuko. Norbere indarrek ez bezala, eskubideek ezin baitute izan egunaren araberakoak.