Ekialdeko Barrutia, esperantzatik gauzapenera
Herrien garapena aldagai ekonomizista hutsaren ikuspegitik ulertzen dutenek Donostia aurkeztu ohi dute abiada bizian doan tren makina baten pare. Baina postaleko hiriak bere ifrentzuan ezkutatzen duena ez da makala: lanaren prekarizazioa, etxebizitzaren prezioaren gorakada, zerbitzu publikoen pribatizazioa, auzoetako denden itxiera, zaintzaren feminizazioa, aztarna ekologikoa handitzea, eta abar. Errealitate gordin hori, ordea, askoz nabarmenagoa da hiriaren ekialdean, Altzan, Bidebietan eta Intxaurrondon. Historikoki, Donostia erdialdeko eta bere aldirietako auzoen aldagai sozioekonomikoen artean aldeak handiak izan badira, egoera hori are areagotu da aurten, Covid-19ak eragindako triskantzaren ondorioz. Hain zuzen ere, artikulu hau sinatzen dugun hiru zinegotziok, bertakoak izanik, horren lekuko gara.
Auzokideok sarriegi pairatu izan dugu Donostiako udal zentralismoaren ahanztura, eta horregatik, betidanik deman aritu behar izan dugu badagozkigun zerbitzuak eskuratzeko. Horrela, ederki borrokatutako lorpenak izan dira autobus zerbitzua, anbulatorioak, jolas parkeak, eta baita Ekialdeko Barrutia ere. Hain zuzen ere, aspaldikoa delako gure bizitzak bertatik bertara gobernatzeko eremu jendetsu (45.000 biztanle; hiriburutarren % 24) honetako herritarron eskaria. 2005. urtean, ekimen bat abiatu zuten hainbat elkarte eta eragilek, Donostia ekialdean barruti bat sortzea eskatzeko. Gertutik gobernatuta gure premiei egokiago erantzuteko nahia zegoen ekimenaren oinarrian. Azkenean, 2018an eratu zen Barrutiko Udal Batzordea eta, atzerapenak atzerapen, horrek esperantza berri bat piztu zuen auzotarrongan, bizilagunok pairatzen ditugun gabeziak eta desberdinkeriak leuntzen eta orekatzen hasteko aukera gisa.
Baina Ekialdeko Barrutiak indarrean daramatzan bi urteok nahi eta ezin baten kronika izan dira. Barrutiko elkarteek ezinegona adierazi izan dute erakundeak bizi duen blokeo egoera dela eta. EH Bilduk ere kezkaz bizi ditu Barrutiaren jarduerak erakutsi dituen gabeziak eta dituen mugak. Jada iazko urrian, hiriaren egoera aztertzeko udal batzarrean, eskatu genuen Udal Gobernuari Barrutiaren jarduera nabarmen indartzeko, parte hartze eta ekitate irizpideak oinarri hartuta, egitura horrek garapen eta eraginkortasun osoa lortzeko, lehenbailehen. Puntu hori aho batez onartu bazen ere, urte bete beranduago, Barrutiaren funtzionamendua ez da operatiboa izaten ari, Udaleko organo zentralek ez dute aintzat hartzen, eta ez du esleitu zaion aurrekontua zuzenean kudeatzeko ahalmenik.
Barrutiko zinegotziburuari dagokio Batzarrak adostutako lanak eta zerbitzuak zuzentzea eta bultzatzea, baina ez dugu aski bultzadarik ikusi Eneko Goiaren gobernu taldekoak diren orain arteko bi arduradunaren aldetik. Gaur egun, Barrutiak bi teknikariren laguntza du, baina nahi eta ezinean aritu dira, eginbeharrak aurrera atera ezinik. Larriena da, ordea, 2019 eta 2020ko Barrutiaren aurrekontuak osorik blokeatu dituztela. Eneko Goiaren Udal Gobernuak ez du erreakzionatu, elkarteek eta udal taldeok gertatzen ari zenaren inguruko arreta sarritan deitu dugun arren. Ez du erakutsi Barrutiko gobernua bideratzeko gaitasunik, eta zalantza dugu horretarako borondaterik ere inoiz izan ote duen. Izan ere, Eneko Goia Alkateak dio ez dituela ezberdin tratatuko Altza, Bidebieta eta Intxaurrondo. Horrela esanda, egokia dirudi, baina ez da justua. Okerrago gaudenok baliabide gehiago behar ditugu besten parera iristeko, berdintzeko, oreka lortzeko. Hau da ekitatearen printzipioaren oinarria. Goiak defendatzen duena, ordea, desberdinkerietan sakontzea da.
EH Bilduko kideon ustez, errotik aldatu behar da Ekialdeko Barrutiaren funtzionamendu eredua, eraginkorra izan dadin, Barrutiko Batzordeak hartutako erabakiek ezarpen efektiboa izan dezaten, eta udal egitura hori osatzen dugun kideoi eta herritarroi zor zaigun errespetuaren mesedetan. Barrutiaren jarduerak gabezia argiak erakutsi ditu, eta horregatik, uste dugu neurri zuzentzaileak hartu behar direla. Horregatik, Udal Gobernuari eskatu diogu esku hartzeko funtzionamendu arazo horiei irtenbidea ematen.
Era berean, gure taldeak hainbat proposamen aurkeztuko ditu egoera birbideratzen laguntzeko. Altzako, Bidebietako eta Intxaurrondoko bizilagunok pentsatzen dugu Donostiak gure auzoekin duen zor historikoa kitatzeko garaia duela, eta gure beharrei eta arazoei irtenbideak bertatik bertara emanda egokiago gobernatuko ditugula gure buruak. Herritarron ongizatea hobetzeko eta Donostiaren barne desorekak gainditzeko garaia da. Horretan lagundu behar du Ekialdeko Barrutiak, eta horretan lagunduko du EH Bilduk.