Ekologismoarekin talka
Askotan entzun izan ditugu gure borrokarekiko nahasteak eta konparazioak: “baina, orduan, ekologistak zarete? Edo animalistak? Animaliak maite ez badituzue zergatik ez dituzue jaten? Antiespezismoak eta ekologismoak ideia kontrajarriak izan ditzakete?”.
Gure erantzunak, gu bezala, denborarekin eraldatu dira. Hau argi izanez, antiespezismoaren ustetan, sentikorrak diren izaki guztiei zor zaie ardura morala. Ekologismoaren iritziz, aldiz, ardura moral hori multzo ekologikoei zor zaie. Animalistek, euren aldetik, ongizatea sustatzen dute esplotazio sistemaren barruan. Eta, azken galderari erantzunez: ez, antiespezistok ez ditugu animaliak maitatu behar zapalkuntzari hortzak erakusteko.
Ekologismoarekin desadostasunak
Ekologismoarentzat ekosistema edo espezie bat mantentzea da beharrezkoa dena. Antiespezismoarentzat, aldiz, norbanakoen interesak dira mantendu behar direna. Ekosistemek ez dute interes propiorik. Animaliek bai.
Ohikoa da multzo ekologikoak babestu ahal izateko sufrimendua eragitea beste norbanakoei. Hauek gure interesetarako erabili eta hiltzea. Adibide nabarmenenak, espezieen babeserako edo populazio kontroletarako hartzen diren neurriak dira. Baina zeren ondorioa da hau? Etikoa da guk hori erabakitzea? Azken hilabeteetako kontua izan da basurde kopurua murriztea, izan ere, urteetan zehar hauen harrapakariak ehizatu ondoren, populazioa gehiegizkoa omen dela diotelako. Egoera honetan, ekologismoak sensozentrismoa (sentitzeko gaitasunean arreta jartzen duen irizpide etikoa, antiespezismoarena) baztertu eta ekosistemaren multzo osoa kontuan hartzen du, nahiz eta ekosistema babesteko beste espezieetako norbanakoak zapaldu. Berdina gertatzen da espezie “inbaditzaileei” buruz hitz egiterakoan.
Jarraian, ekologismoa eta ingurumenaren gaiaz kezkatzen direnentzat, kontuan hartzeko datu batzuk zerrendatuko ditugu:
- Animalien esplotazioak berotegi gas emisioen %18 sortzen du. Munduko garraio guztiek eragiten dutena %13ra iristen da.
- Animalien esplotazioak gizakiok eragiten dugun oxido nitrosoaren %65 sortzen du; gas horrek CO2ak baino 296 aldiz beroketa klimatiko handiagoa eragiteko potentziala du, eta 150 urte irauten du atmosferan.
- Animalien esplotazioak eragindako emisioak %80 igotzea espero da 2050 urterako.
- 10.000 ur litro behar dira haragi kilo bat ekoizteko.
- 1.000 ur litro behar dira esne litro bat lortzeko.
- Animalien esplotazioa mundu osoko ur kontsumoaren %20-33aren arduraduna da.
- Animalien esplotazioek mundu osoko lurraren %45 okupatzen dute.
- Animalien esplotazioa espezieen desagerpenaren, ur kutsatuaren, eta habitaten suntsipenaren arduradun nagusia da.
- 2.500 behi dituen esplotazio batek 411.000 biztanleko hiri batek bezainbeste hondakin sortzen du.
- Amazoniaren suntsipenaren %91ren arduraduna animalien esplotazioa da.
- Gaur egun 10.000 miloi lagunentzako moduko janari kopurua landatzen dugu.
- Ekoizten diren alekien erdiak esplotatzen diren animalei ematen zaizkie, jateko.
Ikusi dezakezuenez, arrazoi ugari daude animalien esplotazioa ez babesteko, baina guk, talde antiespezista bezala, espeziearengatik diskriminatzea injustizia bat delako egiten diogu kontra. Beste espezie batekoa jaio izanagatik bizi duten zapalkuntza onartezina delako, eta guk ez genukeelako sekula egoera hori bizi nahi.