Eli Altuna: "Ni 'belarriprest', zu zergatik ez?"
Eta zuk ze rol aukeratu duzu Euskaraldirako? Bagera elkarteak bi ‘belarriprest’ donostiarren gogoetak ekarri dizkigu, aukeraketa berdina egin duten bi profil oso desberdinekin. Honakoa Eli Altunaren gutuna da. Bera euskaltegiko irakaslea da, eta euskaraz ederki moldatzen den arren, ‘belarriprest’ izateko hautua egin du.
Zein rol hartuko dut nik Euskaraldian? Galdera hori buruan nuela harrapatu ninduen albisteak: «Desoreka nabarmena dago rol batetik bestera: bostetik lauk ahobizi gisa eman dute izena. Hilabete falta da Euskaraldia hasteko, eta izena emateko epea zabalik dago oraindik» (Berria, 2018/10/24). Zer gehiago behar nuen zirt edo zart egiteko?
Izan ere, zergatik izan behar dugu denok ahobizi Euskaraldian parte hartzeko? Zerk ukatzen digu belarriprest izateak, euskaraz moldatzeko gai izan arren?
Bai, badakit, agian, zuk euskaraz aritzea duzula erronka nagusi; gai zara, baina urrats hori egitera zoazen bakoitzean tximeletak hasten zaizkizu sabelean jirabiran oraindik, eta Euskaraldiak beldur horiek gainditzen lagunduko dizulakoan erabaki duzu ahobizi izatea. Hala bada, bejondeizula! Erabaki egokia hartu duzu.
Baina, ez bada hala? Euskaraz aritzeko inolako beldurrik ez baduzu, zergatik ez izan belarriprest? Beharbada, zuk ere badituzu gainditu beharreko inertziak eta ondo etorriko zaizu zeure buruari egiteko batzuk jartzea: inguruko euskaldunekin euskaraz aritzea, ezezagunekin lehen hitza beti euskaraz egitea… Hala ere, zerk oztopatzen dizu hala jokatzea belarriprest izanda ere?
Pentsatu zein mesedegarri izango zaion zure erabakia euskaraz hitz egiten hasteko beldurrez dabilen horri. Zalantzan dabilenaren konfort ingurunea sendotzen lagundu dezakezu zure helburuei uko egin gabe. Sentsazio ona inondik ere behar duenari babesa eskaintzearena, zer betegarriago?
Gainera, gogoratu: belarriprest izatea dakienari zuri euskaraz hitz egiteko gonbita egitea da, ez gehiago, ez gutxiago. Ederra hori ere, lagunak gonbidatzea, alegia. Hortaz, animo eta izan zaitez belarriprest!