Emantzipazio kontua
Pasa den urtearen amaiera aldera (2020ko abenduaren 17an) Espainiako Kongresuak eutanasiari buruzko legea onartu zuen. Pare bat hilabetera Senatuan onartuko da. Honek esanahi du epe laburrera Espainiako Estatuan adinekook ( eta beste edonork) heriotza onerako eskubidea izango dugula. Lege honen antzekoak jada indarrean daude Europako Batasuneko estatu askotan. Horrelako lege bat indarrean izatea aspalditik datorren jendarte zibilaren aldarrikapena da eta poztekoa da horrelako lege bat izatea.
Hala ere, aipatu nahi dudana beste zerbait da: Noizko bizitza duinaren aldeko legea?
Alegia, ikusita egun zer egoeratan dagoen gazte jendea zerbait egin beharko genuke. Langabezia igo eta igo ari da, eta areagotu egin da pandemiarekin. Gazteek emantzipatzeko aukerak urriak dituzte, halaber, langabeziaz gain, lanean ari direnen lan-baldintzak ez dira, maiz, oso onak; soldata kaskarrak dituzte, eta soldata horiekin ezinezkoa da etxebizitza bat erostea edo eta alokatzea. Beraz, gazte askok eta askok gurasoen etxean bizi beste aukerarik ez du ez dakit noiz arte.
Gainera, pandemiaren kontuarekin gazteen egoera okertu egin da. Ezin dira elkartu, ezin dute hain garrantzitsua zaien lagunarteaz gozatu; kriminalizatzen ditugu. Bai, ditugu, zeren eta helduok gara, sarritan, euren aurka kritika egiten dugunok esanez ez dituztela indarrean dauden pandemiaren kontrako arauak betetzen. Ez dira agintariak eta poliziak, soilik, gazteen kontrako jarrera hartzen dutenak.
Uste dut, zaharrok merezi dugun bizitza eta heriotza duina izateko eskubidea bezain garrantzitsua dela gazteek duten bizitza duina izateko eskubidea. Hau da, lan egiteko eskubidea, emantzipatzeko eskubidea, etxebizitza izateko eskubidea eta abar.
Bai, bai, konstituzioak jasotzen ditu eskubide horiek, baina ez dute inolako egikaritzarik, hitz hutsak balira bezala dira, inolako eraginkortasunik gabeak.
Gauzak horrela, gutxienez, beste sentsibilitate bat izan beharko genuke. Hori gutxienez. Begiratu eta aztertu gu baino aurreratuagoak diren herrialdeetan zer egiten ari diren eta geuk ere bide horretan pausoak eman. Azken finean, guztion onurako izango da eta guztiok etorkizun hobea marrazten joango ginateke.
Matraka izenarekin Amaia Nausiak artikulu polita argitaratu zuen Berria-n (2021eko urtarrilaren 29a) eta amaierako paragrafoan, honela dio: «Errituak kendu dizkiegu sistemaren aurka matxinatzeko. Eta, orain, pandemia betean, ostikadarako eskubidea ukatzen diegu aisialdirako inolako alternatibarik eskaini gabe- kontsumo logikatik kanpo ez behintzat- sortu ez duten krisiaren errua leporatuz. Etxebizitzarako, lanerako eta etorkizunerako itxaropenik gabe, zer geratzen zaie? Ez diegu ‘matrakak’ ospatzen uzten, baina guk matraka ematen jarraitzen dugu».