Errealismo kapitalistaren alegoria: 'Txipiroiaren Jokoa'
Netflixek lortu du, beste behin. Squid Game edo Txipiroiaren Jokoa izeneko produkzio hego korearrak marka guztiak hautsi ditu. Ezaguna egingo zaizue beharbada, azken asteotan hezkuntza arloan eragin duen eztabaida dela medio. Haurrentzako eduki biolentoa ote den, eta telesaileko jokoak imitatzea ondo dagoen ala ez izan dira moraletik abiatutako azken eztabaidak. Dena den, Netflixen azken produktu honek iradoki didan bestelako azterketa bat egin nahiko nuke gaurkoan.
80ko hamarkadan Margaret Tatcherrek «alternatiba posiblerik ez dago», adierazi zuenetik, badirudi ideia hori profezia gisa errotu dela egungo gizartean. Beste hitz batzuetan esanda, ezin imajina dezakegu egun ezarria zaigun bizi eredua ordezka dezakeen ezer. Eta errua ez du soilik hamarkadetan landutako despolitizazio ikaragarriak, baita mundu ikuskera burgesetik eraikitako politizazioak ere. Alternatiba ezin imajina izateari, modernismoa gainditzeari eta hegemonia kultural basatiari, «errealismo kapitalista» deitura eman zion Mark Fisher idazle britainiarrak.
Txipiroiaren Jokoa, hein handi batean, «errealismo kapitalista» horren alegoria bat besterik ez da. Parasite (2019) pelikula hego korearrarekin ikusi genuenaren jarraipen bat. Pobreen arteko gerran oinarritzen den depresio eta desesperaziotik abiatutako gidoia. Telesaila ikusi ez duenarentzat, apustu etxeekiko mendekotasuna duen pertsona da protagonista, arazo pertsonalak eta laboralak tarteko, depresio bortitzean jausita agertzen zaiguna. Langileriaren ordezkari zaigu protagonista, eta kapitalista gaizkileen ordezkari, aldiz, jokoak prestatzen dituen enpresariz eta aberatsez osatutako mafiosoen taldea. Hortik aurrera, pobreak elkarren aurka hil ala biziko norgehiagokan, saria zeinek eskuratuko zain. Gorriz jantzitako soldaduak dira dominazioaren metafora: gizarte kontrola, gailentasun morala eta errepresioa. Txandal urdin zenbakidun batez ordezkatuta ageri zaizkigu berriz, jokalariak: «Askatasunaren ideia liberala», esfortzu pertsonala eta gupida eza.
Tankera honetako telesailak, ustez kapitalismoaren kritika gisa ulertzen badituzte ere hainbatek, justuki burgesiak ezarritako mundu ikuskera da erreproduzitzen duten bakarra. Izan ere, eta Fisherrek ere ondo azpimarratzen duen moduan, inongo programa eta antolakuntza politiko iraultzailerik gabeko kritika hutsa, balio positiboa bihurtzen da kapitalismoarentzat. Hain da hegemonikoa mundu ikuskera burgesa, non antikapitalismoa predikatu dezaketen pelikulek ere, finean, mundu ikuskera bera indartzen duten etengabe.
Azken finean, Netflixen azken arrakasta hau adibide bat besterik ez da, baina zera esan nahi digu inplizituki: miseriatik ihes egiteko imajina dezakegun aterabide bakarra norberaren desesperazio eta ekimen isolatuetan oinarritzen dela. Pentsamendu horri buelta ematea da aurrean dugun erronka nagusienetarikoa. Askatasunaren ideia liberalaren aurrean, programa komunista; esfortzu pertsonalaren aurrean, elkartasun antolatua; eta desesperazioaren aurrean, lanketa ideologikoa. Mundu ikuskera berri bat imajinatzean eta eraikitzean dago gakoa. Bada alternatibarik.