Errelatoa edo kontaketa
Badirudi Denis Itsaso eta enparauek bultzatuta, Donostian eta Gipuzkoako beste herrietan ere bai, kaleetan zehar bortxakeriagatik hildakoei plakak jartzeko asmoa dutela. Dirudienez elkarbizitza bultzatu nahia dago egitasmo honetan.
Azken urte hauetan gertatu denaren kontaketa egitea garrantzitsua omen da, eta horretan ari dira. Ez dakit Morlansen errenditu nahi eta Eusko Gudariak kantua abesten hil zituztenei ere jarriko dieten plaka hori, baina ez dut uste.
Dudarik ez dut egiten ikusita asmoa nondik sortu den irabazleen eta galtzaileen ikuspegitik proposatutako egitasmoa dela, eta beraz, kontaketa hau irabazleena besterik ez dela izango. 1813an mila lagunetik gora erail zituzten Donostian sartu ziren “Aliatuek”, eta orain dela gutxi arte isilduta izan dute datu hau, esanez hildako batzuk izan zirela, baina hori alboko kaltea besterik ez zela izan, sarraski bat izan zela aitortu ordez. Ikusten da irabazleak bere interesen arabera erabiltzen duela kontaketa.
Duela gutxi Berria-n elkarrizketa egin zioten Edorta Jimenez idazleari, eta beste gauzen artean esaten zuen bortizki torturatu zutela, baina inoiz ez diotela barkaziorik eskatu. Halaber, Joseba Sarrionandiari Gara-n egin zioten elkarrizketa, eta beste gauzen artean esaten zuen atxilotu zutenean gogor torturatu zutela, baina bera torturatu zutenei zegokiela esatea zer egin zioten eta ez berari. Antzeko egoerak jasan dituztenak milaka gara, kontaketa egin nahi izanez gero, gure herri honetan.
Orain dela urte gutxi arte Aritxulegin, leku polita, erabat urruti gune urbanoetatik, azken urte hauetan borroka armatua dela eta hildako ehunka lagunen oroigarriak zeuden. Txapelokerrak joan eta dena suntsitu zuten. Ikusten da elkarbizitzarako intentzio handirik ez dutela batzuek, behinik behin. Giza eskubideetan oinarritutako jendarte bat osatu nahi badugu beste borondate batekin jokatu beharko dugu. Bestela jai daukagu.