Errudunak
Bazirudien aurrera gindoazela eta gauzak hobetuko zirela, bi urte eta gero kolpetik altxatzen hasten ari ginela. Bai, gauza asko ziruditen, baina berriro ere konturatu gara esnatu ezin garen amesgaizto batean gaudela, amaierarik gabe, nola atera jakin gabe. COVID-19ak eragindako gatazka sozialak alde batera gelditzen ari zirela iruditu zitzaigunean, berriro ere planto egin zigun arrazoia ez genuela gogorarazteko. Pandemia hasi zenetik ikusi dugu ezjakintasunak edo jendarteak jakiteko nahi ezak nola bultzatu gaituen gure arteko liskarrera. Azken aldi honetan aurrez aurreko istilu sektorial handiena sortuz.
Hasieratik ikusi dugu, erakundeek, agintariek, enpresek, botere izaerek… erabaki dutela zeintzuk ziren pandemia honen sortzaileak. Gazteok, ostalariok eta txertatuta ez gaudenok gara erantzule. Beti ere kudeaketa txar baten ondorioak gainontzekoen bizkarrean jarriz eta beraien ardurak ukatuz. Azken neurriek, ordea, muga guztiak gainditu dituzte. COVID ziurtagiriaren erabilera derrigorra baliatuz, eskubide osoz ez txertatzeko hautua egin duen gizartearen zati aktibo horri baliabide publiko eta pribatuak izateko aukera ukatu diote.
Gazteok izan ginen pandemia honen lehen errudunak, gerora argitu zenean gazteok izan ginela pandemiaren aurrean zaintza sistemak, elkarlana eta konpromisoa erakutsi genuenak. Beste errudun batengana jo zuten: ostalaritzara, non berriro ere ikusarazi zen tabernak itxi arren eta tabernen kontura esperimentatuz egoera ez zela hobetzen. Ikusiz dinamika indibidual honen etorkizun falta, gatazka berri bat jarri zen mahi gainean, bi talde sozialen arteko talka. Kasu honetan, ostalaritza eta jendartea. Tabernari gisa, abenduaren 18an egin zen COVID ziurtagiriaren aurkako manifestazioaren aurretik, bitartean eta ondoren, mota guztietako gutxiespenak entzun behar izan genituen. Esaterako, “txakurra” eta “faxista”.
Ez gaitzatela nahastu eta itsutu, gure arteko talka indartuz zuritzen dute beraien kudeaketa txarra. Ez da ostalarion, gazteon eta txertatuak ez gaudenon errua. Inposatutako neurriak betetzea da ostalarion ardura, egin ezean zigor ekonomikoak jasotzen ditugulako.
Garaia da galderak egiteko, errealitatea aztertzeko, planto egiteko, gure bizitzei eta osasun mental zein fisikoari merezi duen espazioa emateko, gure bizitzekin ez dutela jolastuko adierazteko, antolatzeko eta nahikoa dela esateko. Erakundeek, agintariek eta botere izaerek beraien ardurak betetzeko garaia da.