Esan nahi dizuet (Kamav te phenav tumengue)
Isabel Jimenez naiz. 21 urte ditut eta nire herriaren egungo egoeraz eta historiaz hitz egingo dut. Euskal Herrian 14.000 ijito inguru gara, eta penintsulan 500 urte daramatzagun arren, diskriminazioa jasaten jarraitzen dugu.
Arrazakeria mota hori ingelesezko ECRI siglekin (European Comission against Racism and Intolerance) aitortzen dute Europako erakundeek, euskaraz Arrazakeriaren eta Intolerantziaren aurkako Europako Batzordea litzatekeena, eta hori tratatzeko gomendio politikoa egiten du, 2011ko ekainaren 24an onartu zena.
Europako Kontseiluak honela definitzen du antiziganismoa (antijitanismoa): «Ijitoen aurkako arrazakeria-modu espezifiko bat, arraza-nagusitasunean oinarritutako ideologia bat, diskriminazio historikoak elikatutako gizatasuna kentzeko eta arrazakeria instituzionaleko modu bat, besteak beste, indarkeriaren, gorroto-diskurtsoaren, esplotazioaren, estigmatizazioaren eta diskriminazio gordinaren bidez adierazten dena».
Horregatik aprobetxatzen ditugu apirilaren 8a bezalako egunak, ospakizun eguna baino gehiago aldarrikapen eguna baita. Europako gutxiengo etniko handiena gara, eta gure ekarpen kultural eta historikoek gaur egun ezagutzen dugun Europa egiten dute. Oraina gara, iragana, baina batez ere etorkizuna gara, eta tratu-berdintasuna nahi dugu, garatu ahal izateko.
Kaloa aitortu gabeko hizkuntza minoritarioa da, babes ofizialaren falta duena. Hona hemen kaloaren deskribapen labur bat: Imajina dezagun eraikin bat bere xehetasun guztiekin. Multzo hori guztia Erromaniera izango litzateke, ijitoen berezko hizkuntza. Baina, pentsa eraikina pragmatikekin, jazarpenekin eta debekuekin bonbardatzen dutela, eta adreiluak eta hondakinak alde guztietatik sakabanatuta geratzen direla. Gaur egun, gramatika baten faltan, espainiar gramatika erabiltzen dugu. Hondakin horiei esaten diegu kalo.
Ijito hitza ez da nire herriaren jatorrizko izena. 1425ean lehen erromaniarra penintsulara sartu zenean, Egipto txikiko kondea zen hura, eta horrekin batera iritsi zen nahasmena: Egipto, egiptoarra, ijitoa.
Aurten 51 urte bete dira lehenengo Erromani kongresua egin zenetik, eta bertan ereserkia eta gure ordezkari izango zen bandera erabaki zituzten. Ereserkiak Ibili nintzen, ibili nintzen izena du, euskarara itzulita.
Banderari dagokionez, laukizuzena da, erdian horizontalean zatitua. Goialdean, zerua urdinez irudikatua du; behealdean, belardiak irudikatzen dituen berdea; eta, erdian, 16 erradioko gurpil bat, gurdiei erreferentzia egiten diena. Gurdi horiek gure nortasun alderraia ere irudikatzen dute, Indiatik datorkiguna. Kolore gorriak gure arbasoek holokaustoan eta jazarpenetan isuritako odolari egiten dio erreferentzia.
Askatasuna aldarrikatzen duen bandera bat da, eta gaur egun ere hala aldarrikatzen du.