Esaten dute gurea nostalgia dela
Maiatzaren Lehen honetan zubirik ez dagoelako tristetuta dabil jendea. Egun seinalatu horren zentzu politikoa eta historikoa zokoratua gelditzen ari ote da? Chicagoko grebako gertakariei buruz hitz egin izan digute, baina, akaso, gutxi izango dira egun beraren izendapena II. Internazionalaren eskutik etorri zela dakitenak. Guk zergatik iraunarazi behar dugu, orduan, halako egun bat? Zertarako?
Iraganarekin loturak hautsita agertzen zaizkigu etengabe, aldarrikatu dezakegun esperientzia historikorik gabe gelditzen ari gara, eta etorkizuna eraiki ahal izateko iraultza haziak aurkitzea gero eta zailagoa da. Historiaren ezezagutzarekin, iraganarekiko begirada pasiboarekin eta maiatzaren lehenarekin lotuta dago askotan aipatu didaten eta gaurkoan mahaigaineratu nahi dudan auzia: iraultza ez da egiten, antolatu egiten da. Eta antolatzeko iraultza prozesuak ezagutzea eta hauek duten gaurkotasuna sistematikoki zabaltzea da geure zeregina. Hau da, langile klasearen zeregina.
Kapitalismoaren historian, klase kapitalistak belaunaldiz belaunaldi langile klaseak ekoitzitakoa bereganatu izan du, eta hala, kapital akumulazio horren bidez, bere boterea bermatzen du klase zapaltzaileak: besteak beste, historia idazteko edo honen interpretazioak bideratzeko ahalmena.
Iraultzaren gaurkotasuna, egungo errealitatearen aurpegi ezberdinak (emakumeen aurkako zapalkuntza, arrazakeria, langileon aurkako kriminalizazioa…) ikuspegi orokor historiko-sozialarekin identifikatzean oinarritzen da. Eta kokapen horrek, egun auzi horiek proletariotzaren askapen prozesuan sor daitezkeen aukerak kontuan hartu beharko ditu. Hori dela eta, historiaren eta esperientzia iraultzaileen ezagutza, langile klasearen askapen prozesurako aukeretan esku hartzeko tresna gisa ulertu behar dugu.
Badugu nahiko lan, beraz. XIX. eta XX.mendeetako borroka iraultzaileen bitartez sozialismoak botere handia eskuratu zuen eta ondorio positiboak izan zituen langileriarengan. Sozialismoaren eraikuntza, ordea, ez zen azken muturrera eramaterik lortu, eta horren zein beste hainbat arrazoiren ondorioz, proletariotzak inoizko porrotik handiena pairatu zuen. Gertakari haren albo kalteak sufritzen ari gara oraindik.
Egungo krisi testuinguruan, klase kapitalistaren arrakalak identifikatuz, indar gaitasunak handitzeko eta langile batasuna gorpuzten joateko aukerak baliatu behar ditugu. Has gaitezen, beraz, aurrerapauso horiek emateko gure errealitatea ondo ezagutzen. Klase-borrokak izan duen garapena ikertu eta horietatik egungo errealitateari aurre egiteko behar ditugun bitarteko teoriko eta praktikoak eraikitzeko ordua da.
Luzerako jo dezakeen gaia da iraultzaren gaurkotasunarena; momentuz, Ekida kultur ekimenaren Manifestua ikuskizuneko pasarte bat berreskuratu nahiko nuke gaurkoa amaitzeko:
«Esaten dute gurea nostalgia dela.
Baina guk badakigu ezinbesteko biharamuna dela
Nostalgia handiagorik ez baitago
Zure ingurua zatika erortzen ari dela ez ikustea baino».