Estaturik gabeko herrien emantzipazio garaia?
Egun hauetan Kataluniako gertakizunek zer pentsatu eman digute. Erreferenduma egiteko borondatea izateaz gain, erreferendum hori egikaritzeko bidea egiten dihardute.
Kurdistan, berriz egunero dago albisteen plater gainetan, gehienetan albiste larriak eskaintzen badizkigute ere. Orain arte isildua edo eta ahaztua izan bada ere, gobernu boretsuentzako oinetako azpian dagoen hartxintxarra baino mingarriagoa bihurtu da. Lagun txarrak aukeratzen dituztela eta izorra daitezela diotenak badira, hala ere, sinpatiaz ikusten ditugunak eta egiten ari zaizkien basakeria guztien aurka solidaritatea agertzen diegunak gehiago gara.
Europako eta Europatik kanpoko estaturik gabeko herri gehiago ere badabil emantzipatu nahirik, eskoziarrak, esaterako. Hauek, gainera, ez dute guk dugun faxismorik, antza denez, aurrera eraman ahal izateko herrientzat hain funtsezkoa den erabakitzeko eskubidea. Groenlandia, Quebec, Faroe Irlak eta Flandes ere, besteak beste, euren bidea ari dira egiten emantzipatuak izateko, hemen jartzen dizkiguten eragozpen gogorrik gabe.
Hemen, orain, agintean dagoen indar politikoak zioen, duela gutxi, estatu federal baten alde zegoela, inoiz , zehaztu ez badu ere zertan datzan delako estatu federal hori. Bada, dirudienez, zakarrontzira bota du eredu hori; itxi ditu elkarrizketarako ateak eta errepresioa eta egurra besterik ez du eskaintzen. Katalanek argi eta garbi diote gobernu faxista baten pean gaudela eta ez dute arrazoi faltarik, ikusita zer ari diren egiten bertako herritarrekin Espainiar estatu faxista honetan ezinezkoa da, gaur egun, behintzat, libre izateko aukera izango dugula ustea; erabakitzeko eskubidea praktikara eramaten utziko diguten susmorik ere dugu ikusten. Borrokatu, asmatu borroka horretan, ez dago beste aukerarik. Orain, hemen, Gure Eskuk eta beste indar sozial-politikoek elkarrekin bidea urratzen joan beste biderik ez dugu. Katalunia eredugarria zaigu, izan ere, emantzipazio bide horretan pauso handiak ematen ari dira eta guri, arlo askotan ikastea dagokigu. Adibidez, euren hizkuntzari dioten atxikimendua, hor dugu ikasgai.
Azkenik esan katalanekin solidaritatea adierazteko Donostian 42.000 lagun biltzea ez dela Txori-kaka.