Eta, ez errepikapenaren bermea?
Arturo Espejo guardia zibilaren aferan, Altzako Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak bat egiten du oso-osoki Aezkoako plataformak zabaldu duen oharrarekin, eta bide batez gure buruari galdetzen diogu ea hauxe den Espainiako Gobernuaren ordezkari Denis Itxasok Mikelen senideei eman zien erantzunaren emaitza Donostiako egoitzan 2022ko abenduaren 20an izan genuen elkarrizketan: “Kasua argitzeko nire esku dagoen guztia egingo dut nire alderdiaren, Gobernu Zentralaren eta Guardia Zibilaren barruan”.
Estatuak oraindik ere ez du onartzen torturaren praktika eta haren ondorioak, eta Mikel Zabalza da horien adibiderik lazgarrienetako bat. Arduradun politikoak, judizialak eta mediatikoak babesten jarraitzen du, eta, gainera, gora egiten du, indultatu eta saritu egiten ditu bere zuzeneko polizia-betearazleak, eta hori iraina da biktima guztientzat, eta delitua herrialde demokratiko batean.
Azken 60 urtean aitortutako 5.300 tortura-kasuek egiaren, justiziaren eta erreparazioaren faltan jarraitzen dute… are gehiago, nork bermatzen du egun beste “Mikel Zabalza adibide” bat ez errepikatzea zigorgabetasuna maila guztietan mantentzen bada, egile zuzenetatik hasi eta gobernuetako buruzagitzaraino?