Etxe handiago bat behar dugu
Donostiako Emakumeen Etxea hiriko Mugimendu Feministak urte askoan aldarrikatu ondoren lortu zen. Emakumeen Etxea oinarrizko eta funtsezko ekipamendua da gure hirian, gaur egun 1.600 bazkide baino gehiago dituena. Eta, oinarrizko eta funtsezko ekipamendua da gure hirian, berdintasun politikak bultzatzen dituelako eta emakumeok jasaten dugun desberdintasuna eta diskriminazioa desagerrarazteko borrokatzen duelako, azken batean, indarkeria matxistaren oinarri baitira.
Gure etxea Emakumeen Etxea elkartearen (gunea lortzeko helburuarekin sortu zen elkartea) eta Donostiako Udalaren artean kudeatuta dago. Bi zutabeak koordinatzen dituen kudeaketa organo bat dago. Goizez, etxea udaleko teknikariek dinamizatzen dute, eta, arratsaldez, elkarte feministako teknikariek.
Duela 11 urte, Villa Soroa eraikina adjudikatu ziguten, eta ez ziguten inoiz eman. Horregatik, gure etxea, behin-behinekoz, Okendo kaleko 9. zenbakian dago, duela 11 urtetik. Hasieratik eskasa zen espazio horrek, gaur egun, ez digu uzten gure zerbitzuak eskatzen dituzten emakumeei arreta baldintza egokietan ematen, ezta etxean egiten ditugun jarduerak ondo egiten ere.
Etxea espazio seguru bat da emakumeentzako. Ez da laguntza zerbitzu bat, baina askotariko gaiei buruz informatzen dugu: etxeko langileen arazoei buruz, ezkontzazko gaiei buruz, atzerritartasun kontuei buruz, indarkeria matxistari buruz, tituluen baliozkotzeari buruz…
Gainera, antolatzen ditugun jarduera guztiek kontzientzia feminista sortzeko balio dute, baita mobilizazioak babesteko eta berdintasunaren aldeko politika publikoak indartzeko ere.
Kanpaina bat egiten ari gara, etxe handiago eta egokiago bat eskatzeko. Espazio horrek erdigunean egon behar duela eskatzen dugu, hiriko edozein emakume garraio publikoan iritsi ahal izateko ekipamendu horretara. Gaur egungo beharrei erantzuteko espazio egokiago baten aldarrikapenaren aurrean, udalak espazio bat eskaintzen digu Infernuan. Espazio hori, ordea, erabat desegokia da, erdigunetik urrun baitago, eta ez baita irisgarria auzo guztietako emakumeentzat.
Udal proposamen horrek zera pentsarazten digu, egungo udal taldeak Emakumeen Etxea ez duela andre donostiarrentzako oinarrizko zerbitzutzat jotzen.