"Euskal" antzerkiaz
Euskal antzerkiaren inguruko gogoeta eskatu didate.
A ze zortea! Askotan gurean eztabaidagai izan diren argudioak lerrokatzeko unea:
Euskal antzerkia, euskaraz bakarrik egiten dena da.
Euskal antzerkiaren arazoa euskarazko itzulpenetan dago.
Euskal antzerkiak euskara bat eta bakarra behar du (Arestik 1964an esana).
Euskal antzerkia euskaraz sortu, idatzi eta antzeztua da soilik.
Euskal antzerkia hemen bizi garenok egiten dugu.
Euskal antzerkia konpainien esfortzu itzelari, ohiko diru-laguntzei, eta Sareen babesari esker eusten da.
Euskal antzerkia umeentzat programatzen da gehien, edota herri txikietan. Hortik kanpo gaztelerazko bertsioan programatzen da bereziki.
Ze zaila den iritzi firme eta mugiezina izatea. Batez ere, antzezlan bera bi hizkuntzetan ematea gurean egunerokoa izan den heinean; profesionalizazioa hasi zenetik, 1980ko hamarkadan.
-Bazegoen «Gure lana euskaldun orori erakutsi nahi diogu» zioenik. (Hemen ere burutazioetan sar gaitezke: Nor da euskalduna?… Hizkuntzak dioenez euskaraz diharduena, baina aberritasunaz ari bagara bihotzak eta ideologiak haratago doaz. Eta Brecht-ek hain polit adierazi zuen beste hura: Zeinena da lurra? Bertan jaio denarena ala lantzen duenarena?).
-Bazegoen «Honetaz bizi nahi badugu, bi hizkuntzetan antzeztea ezinbestekoa da» aldarrikatzen zuena.
(Egia esan, askotan egin ditugu, batez ere hiriburuetan, antzezlanak bietan, eta soka-tiran ibili izan ohi gara antolatzaile batzuekin euskarazkoa egun onenean emateko. Hots, larunbat gauean edota igandean).
– Bazegoen «Bi edo hiru hizkuntza manejatzeko altxorra izanik, hori profitatu, eta gurean eta hemendik kanpo, non-stop, antzeztu nahi dut» zioena. (Nork uka, hori dela antzezle baten lehen arrastoa, bere antzezlana ahal den guztian, topera eman nahi izatea. Nik ongi asko sentitu dut hori!).
Duela gutxi jakin dut Piarres Larzabalen Matalas Pastorala, Baionako antzoki nagusian antzeztu zenean, 1968an, hauxe aurpegiratu zietela:
– Ez al duzue uste plaza hau handiegia dela euskaraz antzezteko? … Frantsesez ere ez dugu betetzen-eta!
Baina jaun-andreok, zorionez, euskaraz bete egin zen plaza!
Bete-beteak zeuden plaza guztiak Elena Irureta eta Kontxu Odriozolak idatzi eta ekoiztutako komedia zoragarri hura, Mikel Garmendia eta Jose Ramon Soroizekin batera, Euskal herriko ia herri denetan antzeztu zutenean: Ama Begira ezazu, Eneko Olasagastik zuzendua. Eta In Fraganti-rekin egin genituen emanaldi mordoan, edota Kutsidazu bidea Ixabel-ekin, eta abar, eta abar. Eta Nomofobikak lanarekin, edota, berriz ere, trostan jarriko dugun Zaldi Urdina-rekin.
Ze plazera den gure hizkuntzan sortu eta ekoiztutako lanekin antzokia lepo ikustea.
Adi! Entzun! Zatozte maskaradun jaun-andre, gazte eta umeak. Zatozte denboran eta espazioan magikoa den gunera! Gozatu, flipatu, hausnartu edota amestu!
A! Eta irteterakoan jabetuko zarete, oraingoan ere, euskaraz zela.