Euskaltel, zertan habil, motel!
Euskaltel, 1995 urtean sortu zen telekomunikazio integraleko enpresa da, eta azken egun hauetan albiste izan da gertatu den salmenta eta jabetzan izan den esku aldaketagatik.
Hasieran, enpresa sortzeko diru publikoa eta pseudo–publikoa erabili zen, hain zuzen ere, Jaurlaritzak kapitalaren %40 eta BBK, Kutxa eta Vitalek %60 jarri zuten. Laster, fibra optikoa jartzen ikusi genituen Autonomia Erkidegoko bazter gehienetan. Fibra hori Industria Kontseilaritzak 12.000 milioi euroan baloratu zuen. Geroxeago bere kapitala aldatu zen eta administrazioak eta Kutxek %51 izan zuten eta kapital pribatuak (Iberdrola, Endesa, Mondragon taldea) %49. Ondoren, 2015ean burtsara atera zen eta +R gailegoa eta Telecable asturiarra konpainiak erosi zituen. 2021eko martxoan Mas Movil enpresak EEP Erosketa Eskaintza Publiko bat egin zuen eta Euskaltelen jabetza eskuratu zuen.
Mas Movil, Madrilen egoitza duen espainiar telekomunikazio enpresa da, eta bertako nagusia Meinrad Spennger austriarra da, IBEX35en kotizatzen da, 11,3 milioi bezero ditu eta 1.000 langile. Euskaltelen jabe egiteko 2.000 milioi euro ordaindu ditu. AEBetako inbertsio funtsen jabetza den enpresa espainiar baten filiala da.
Patxi Lopez lehendakaria izan zen garaian atera zen Euskaltel burtsara, eta Legebiltzarrean erabaki hori hartzerakoan, orduan zegoen ezker abertzaleak (EA eta Aralar) esan zuen ez zegoela ados erabaki horrekin, izan ere hiritarron zergekin ordaindutako sare hori galdu egiten zen. Euskaltel enpresak, berriz, esaten du betidanik euren asmoa haztea eta haztea izan dela, alegia, multinazional bat osatzea.
Mas Movilek erosi du, baina Euskaltelek baldintza moduan jarri du datozen bost urte hauetan egoitza Euskal Herrian egotea eta Euskalteletik langilerik ez kaleratzea. Gainera, egin duten salmenta horretan jaso duten diru kopurutik akzionistek, zuzendaritzako kideek 27 milioi euro banatu dituzte euren artean eta Kutxabankek bost milioi euro jasoko ditu. EH Bilduk esan du espekulazioaren menpe utzi dutela Euskaltel. Aldaketa hauetan guztietan ikusten dena da kapitalismo espekulatiboa bere indarrean: funtsa publikotik pribatura eta gero funtsa putreak jabetzen direnak. Halaber, guztiok kapitalaren logikan sartzen ari garela dirudi.
Whatsappean behin baino gehiagotan jasotzen ditut lagunek edo ezagunek igortzen dizkidaten mezuak non esaten duten etorkinei, batez ere, instituzioetatik diru-laguntzak ematen dizkietela, eta kritikatzen dute.
Egia da laguntza horien artean trikimailuak eginez batek baino gehiagok ez dagozkien laguntzak jasoko dituela. Laguntza horiek etorkinei eman ordez bertako jendeari eman behar litzaizkiekela salatzen dute mezu horiek eta haserrea azaltzen dute.
Batzuetan pentsatzen dut mezu horiek ez al diren VOXek egindakoak, izan ere, kontu horiekin haserretzen direnak zergatik ez dute haserre hori behekoi begira egin ordez goikoei begira egiten?
Diru publikotik eratorritako milioiak inoren kritikarik jaso gabe banatzen dira. Aldiz, etorkinen eta egoera prekarioan bizi direnek jasotzen dituzten laguntza apurrak kritikatzen dira. Ez al litzateke justuagoa eta bidezkoagoa gora begiratu eta gertatzen diren gehiegikeriak salatzea?