Euskara ardatz
Egia auzoko irakasle, langile, guraso eta gazteak gara. Euskarak gure nazioaren ardatz izan behar duela pentsatzen dugunak. Mila ahalegin egiten ditugu ikastetxeetan, komertzioetan eta kalean, gure gazte zein helduek euskaraz hitz egiteko.
Une honetan kezka eta erronka berriek sortzen duten ilusioz begiratzen diogu gure herri euskaldunaren etorkizunari. Ekiteko prest!
Euskara eta pertsona kultua izatea eskutik datozen bi elementu direla sinesten dugun herritarrak gara euskararen osasunaren alde egunerokoan jarduten garenok.
Hala ere, batzuetan, gure ikasle, haur edo ilobei “euskara ez da guaia” moduko esaldia entzunez nahigabetzen gara. Hortik, agian oker, eratortzen baitut espainolez jardutea “guay” dagoela. Tristeagoa da, norbanakoaren askatasuna aldarrikatuz, euskaldun kontzientzia izan beharko luketen helduen ahotan gaztelera entzuten dugunean.
Hala ere, egoera hauek sor dezaketen garraztasuna, aurrekoan auzoko euskara batzordeko kideok euskararen etorkizunaz zeuden indargune, mehatxu, ahulgune eta aukerez hitz egiteko gonbidapena jaso genuenean goxatu zen.
Handik sarritan lokartzen gaituzten nahigabe horiei buelta emateko aukera ederrak ditugula pentsatuz atera ginelako. Jarrera positiboa, itsukerian erori gabe, landu beharreko kontua baita.
Oker handirik gabe baiezta baitezakegu azken hamarkadatako euskara ezagutzarik handiena dugula Donostian 50 urtez beherako adin tartean.
Oker handirik gabe baiezta dezakegu Donostian kultura militantea eta kolektiboaren indar eraldatzailea bizi izan duen belaunaldia dugula gure artean, eta euskarak oraingo eta etorkizuneko hirian dagokion lehentasuna eta presentzia izan dezan lan egiteko prest dagoela.
Euskarak presentzia txikia duen gazte edo heldu horiengana zubiak eraikitzeko prest.
Larunbat honetako mobilizazioan ikusi dugun modura, beste herrien nazio-borroka eta loraldiak ikusiz gure txanda berriz noiz etorriko ote den amesten dugun herritarrak gara.
Gure ametsen neurrirako emaitzak lortuko ditugun herritarrak gara. Eta elkarren artean eraikitzen diren ametsak baino gauza ederragoak gutxi izaten dira.
Datorren Azaroaren 16an Donostiako Euskaltzaleen Topaketan parte hartzeko gonbidapena jaso dugu. San Telmo Museoan izango da, goizetik eguerdi arte, eta Donostian euskaldunok ditugun erronkei aurre egiteko neurriak hartzeko balioko du. Bat egiteko.
Ziur gaude Donostiako beste auzokideek ere Donostia euskaldunaren ametsarekin bat egiten gaituela. Elkar gaitezen eta egin dezagun herria. Hiria.
Eneko Iztueta Azurmendi, Egiako Euskara Batzordeko kidea