Euskara eta IKTak. Eman diezaiogun daukan garrantzia
Azken asteetan agerian geratu da informazio eta komunikazio teknologiek (IKT) jendartean duten presentzia garrantzitsua dela. Esan daiteke, gure bizitzako arlo ia denak ‘beste’ mundu horretan ere presente daudela. Argi dago, beraz, euskara biziko bada, mundu digitalean ere bizirik eta osasuntsu egon beharko duela.
Nolakoa da euskararen osasuna IKTen alorrean?
Ia ziur, irakurleak pentsatuko du birusak euskara ondo harrapatua duela, bilaketak euskaraz egiterakoan emaitza gutxi eta eskasak ateratzen direla beste hizkuntza handiekin konparatuta, edota ordenagailuko eta mugikorreko programa guztiak gazteleraz dituela. Maila batean arrazoia duela esan daiteke, baina maila batean bakarrik.
Euskarazko edukiak
Azter dezagun Wikipedia, ia gehien erabiltzen den webgunea da eta eduki asko du. Munduko hizkuntzak hiztunen kopuruaren arabera sailkatuz gero, euskara 50. postuaren bueltan dago. Wikipediako artikulu kopuruari dagokionez, aldiz, 30.a, turkieraren aurretik eta grezieraren kopuru bikoitzarekin. Bestetik, Txikipedia, gaztetxoentzako Wikipedia dena, euskaraz badago baina gazteleraz eta ingelesez ez. Eta Wikidata lexeme proiektuan 5. postuan dago!
Tresna edo programak
Interneten eta Internetetik at hamaika tresna daude euskaraz garatuak edo euskaratuak. Sistema eragile garrantzitsuenak: Ubuntu, Windows eta Android kasu; bulegotika paketeak: LibreOffice, Microsoft Office edo Google Docs; zuzentzaile ortografikoak, hiztegiak, itzultzaileak… Beste aplikazio eta programa asko ere euskaraz daude, software librekoak batez ere.
Hutsuneak
Badaude, halere, aipatu beharreko hutsune garrantzitsuak. Alde batetik, gazteek erabiltzen dituzten IKTetan, izan tresna zein eduki, gabezi nabarmena dago. Bideo-joko nagusiak, Whatsappa edota Ticktok ez daude euskaraz. Bestalde, Wikipedian osasuntsu gauden arren, eduki asko euskaraz topatzea ez da batere erraza.
Esan dezakegu euskararen osasuna IKTetan ez dela txarra. Baina egoera honetara estrategia orokorrik gabe heldu gara, askotan lan militanteagatik, instituzioen bultzadagatik batzuetan eta ekimen pribatutik beste batzuetan. Estrategia orokor horren falta sumatzen dut nik.
Badago argi eduki beharko genukeen zerbait, ezin dugu IKTen euskararen osasuna Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft-en esku utzi. GAFAMen logika merkatuaren logika da, etekinik ematen ez badu, ez du balio. Beraz, itzultzeak etekinik ematen ez badie ez dute itzuliko. Twitterrek horrela egin du, jadanik ez dago euskaraz.
Zer egin dezakegu guk?
Gure bizitzako beste alor askotan egiten dugun bezala, edo egin beharko genukeen bezala, euskarak lehentasuna izan beharko luke IKTak erabiltzeko irizpideetan. Jar dezagun mugikorra euskaraz, nabigatzailea euskaraz, erabili dezagun euskal Wikipedia, euskaraz dauden aplikazioak lehenetsi ditzagun…
Era berean, sor eta publika ditzagun euskarazko edukiak: errezetak, iritziak, tutorialak, eskolako lanak, tesiak… Euskarak, bere txikitasunagatik, euskaldun guztion beharra du eta.
Alain Urizar Oleaga, Informatika irakaslea