Euskara mugimenduan
Mugimendu sendoak gertatu dira euskalgintzan azken urteotan. Ez gaude geunden lekuan. Aldaketa eta berrikuntza horien adibiderik ezagunena eta ikusgarriena Euskaraldia izan daiteke, baina, zorionez, ez da bakarra.
Gezurra badirudi ere, gaur egun euskararen inguruko hainbat egitasmo, hitzarmen edo ekitalditan ikusten ditugun argazkiak ezinezkoak ziren duela oso urte gutxi. Gaur egun normalak iruditzen zaizkigun egoera batzuk pentsaezinak ziren joan den hamarkadan: Korrikako elkarlanaren kilometroa eta doakotasunaren bidean emandako urratsak, euskarazko hedabideen inguruko hitzarmena EAEn, edo lan-munduari begira sortzen ari diren proposamenak, esate baterako.
Bidegurutze batean gaudela aipatu izan dugu maiz. Edo, beste era batera esanda, euskara impasse egoeran dagoela. Eta, nire iritziz, bidegurutze horretatik norabide egokian ateratzeko, faktorerik giltzarriena euskaltzaleon aktibazioa izango da, eta horrekin batera aktibazio instituzionala eta soziopolitikoa. Euskararen biziberritze-prozesuak jauzi kualitatiboak emateko premia du, eta herritarren, eragileen eta erakundeen aktibazioa eta konpromiso praktikoak lortuz gero, hurrengo urteak giltzarriak gerta daitezke, norabide honetan sakontzeko eta aurrerapauso sendoak emateko.
Euskaltzaleen mugimenduak, bere aldetik, beste jauzi bat eman beharko luke, Euskaraldian sortu den energia guztia modu egokian artikulatu eta areagotzeko, eta bere eragin-esparrua zabaltzeko. Horretarako, hurrengo urteetan, dauden elkarteak indartu eta eraberritu egin beharko lirateke, eta berriak sortu Euskal Herri osoan zehar, beren eragin-esparrua eta irismena hedatuz eta antolaketa-eredu irekiak eta malguak erabiliz. Euskaltzaleen mugimenduak bere burua eraberritu egin behar du, iraganeko inertziak astinduz eta gaindituz.
Horregatik, pozgarria da, Euskal Herri osoan bultzatu nahi dugun bezala, Donostian jada DET topaketak antolatu izana, bertako euskaltzaleen mugimendua indartzeko eta zabaltzeko, atomizazioa gainditzeko eta mugimendua hiri guztira, urte osora eta adin denetara hedatzeko.
Datozen hilabeteek eta urteek, inertziak gainditu, ilusioa berritu, indarrak metatu eta jauzi egiteko garaiak izan beharko lukete. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta errazago lortuko dugu. Animatu eta zuk ere, irakurle, parte hartu!