Euskara zorroztu eta biziagotzeko aukera
Euskaldun ez ezik euskaltzale ere bagara –bagera–, eta euskaraz bizitzeko borondate irmoa dugu. Saiatu ere saiatzen gara alde eta aldioro euskaraz jarduten. Aitor dezagun, ordea, ez zaigula beti erraza gertatzen.
Batzuetan, inguruak jartzen dizkigu euskaraz aritzeko trabak. Zorionez, baditugu kanpoko oztopo horiek gainditzen laguntzen diguten egitasmoak, euskaraz aritzeko bidea errazten digutenak: Mintzalaguna, esaterako, edo Euskaraldia.
Bidelari nahiz bidelagun izendatzen dugu geure burua, edota belarriprest zein ahobizi. Izenak izen, ordea, hainbat alor eta egoeratan euskara motz eta kamuts gertatzen zaigu sarri gehien-gehienoi. Jakinarazi nahi duguna jakinaraztea bada kontua, hainbestean moldatzen gara. Hortik gorako zereginetan, ordea, lanak izaten ditugu euskaraz, deseroso aritzen gara. Garrantzi handiko kontua da, zeregin horiek baitira, hain zuzen ere, hiztunari benetan axola diotena: solaskidea liluratu, kontsolatu, amorrarazi, gogatu, zirikatu, limurtu edo uxatzeko asmoz hartu ohi dugu hitza, eta baita bide batez geure burua lasaitu, adoretu, edo emozioak sublimatzeko ere… Horiexek dira benetan axola diguten kontuak, eta tamalez nabarmenak dira horrelakoetan euskaraz ganoraz aritzeko ditugun mugak.
Koldo Mitxelenak zioen bezala, hizkuntza eta aizkora berdin ebaluatu behar dira: ebakitzeko balio badute dira onak, ez dago beste irizpiderik.
Hiztunari axola dioten kontuetan hobeto moldatzeko balio duen edo ez, horixe da hizkuntza bat ona edo txarra den ebazteko egin beharreko galdera. Duela urte batzuk, Mintzalagun egitasmoan bidelagun gisa zebiltzan batzuek galdera horixe egin zioten beren buruari, eta baita jator erantzun ere ezetz, darabilgun euskara ez dagoela behar bezala zorroztua. Horri konponbidean jartzeko asmoz, Euskal Lokuzioen Tailerra antolatu genuen 2017. urtean. Pandemia tarteko, laugarren aldia izango da aurtengoa.
Euskara –batez ere ahozkoa, baina bide batez baita idatzizkoa ere– zorroztu eta biziagotzea da ikastaro-tailer honen helburua. Hizkuntza zorroztu eta biziagotzeaz hitz egiten hasi orduko, lokuzioak-eta etortzen zaizkigu gogora, eta lokuzio-esapideak landuko ditugu noski tailerrean. Izan ere, Asisko Urmenetak dioen bezala, «Tximeletak hamaika izen omen ditu euskaraz, baina ez dakigu a saco, chutarse, flipar, tener el modo, de puta madre, colocarse, cutre, forrarse, pringao, a toda hostia, chupao… erraten».
Horrekin batera, ordea, beste hainbat eduki, mekanismo eta estrategia ere landu beharko ditugu, lokuzio egokirik eza ez baita euskararen bizitasun faltaren sintometako bat baizik: lokuzioetan ez ezik, beste hainbat kontu garrantzitsutan ere nabarmen kamuts dugu euskara. Besteak beste, izenlagunen errepertorioan, hitz elkarte eta konposatuetan, tradiziozko erreferentzien ezagutzan, sormenean, hizkeraren estetikan, erregistro aniztasunean (batez ere erregistro ez-formaletan) eta beste askotan.
Tailer edo mintegi gisako ikastaroa izango da: praktikari emango diogu lehentasuna, eta teoria praktikarako beharrezkoa den neurrian soilik landuko dugu.
Ameskeria litzateke pentsatzea zortzi orduko jardunean euskara guztiz zorroztea lortuko dugula. Nolanahi ere, mintegian parte hartzen dutenei euskara zorrozten jarraitzeko modu bat, sistema edo arrasto batzuk jarriko zaizkie eskura, sekula amaitzen ez den zorrozte lanean gero bakoitzak bere kabuz jarraitu ahal izan dezan.