Euskararen magia Mintzodromoan
Duela urte asko, Bagerak Mintzodromoa antolatzen zuela entzun nion lehen aldiz nire lagun maitea den Zuriñeri, eta, harrituta, hori zer zen galdetu nion.
Jendea launaka mahai baten inguruan elkartzen zutela azaldu zidan: euskaldun zahar bat eta hiru euskaldun berri, hamabost minutuz gai baten inguruan euskaraz hitz egiteko helburuarekin. Ideia berezia iruditu zitzaidan.
Banekien Euskararen Egunean antolatzen zela, eta hurrengo urteetan zehar, une eta leku desberdinetan Mintzodromoaren berri izaten jarraitu nuen. Ezezaguna zen niretzat, baina gertukoa sentitu nuen beti.
2014ko udazkenean, bigarren amatasun bajan nengoela, San Telmon Mintzodromoa berriz egingo zutela irakurri nuen. Segituan Zuriñeri deitu nion. Izena eman eta zer egin behar nuen azal ziezadan eskatu nion. Izena hartu, eta goizeko 10:00etan hara gerturatzeko esan zidan.
Urduri eta ilusioz beterik joan nintzen. Han ikusi nuen jendetzak harritu egin ninduen, jatorri eta adin desberdinetako pertsona ugari zeudelako, ezagunak batzuk. Egoera anitz ikusi nituen: erretiratu direnean euskara ikasi eta erabiltzeko saiakera egiten ari zirenak, lan orduetan euskara ikasteko aukera hartu zutenak, baita lanean egunero ibilita ere euskaltegira zihoazenak ere. San Telmoko gela handi eta hotz hartan, Euskararen aldeko magia agerikoa zen, nabarmena. Zerbait handia egiten ariko bagina bezala, euskaraz hitz egiten ari ginen bitartean.
Nire lehen mahaian eseri nintzen. Horretarako ere, mahai eta talde nahasketa egiteko, urtaro eta batuketetan oinarritutako formula berezia dute Bagerako hauek. Bertan hiru gizonekin egin nuen topo. Bakoitzak euskarari lotu, euskaltegira joan eta San Telmon egoteko arrazoi desberdinak zituen. Hiruen helburua, aldiz, berdina zen: euskaraz aritzea.
Proposaturiko gaia museoko margolanak izan ziren, eta gutako inork artelanez asko ez zekien arren, hamabost minutuz euskaraz aritu ginen, denbora arrapaladan pasa zen arte. Poz-pozik geunden guztiak, berdin zuen norekin egokitu, eta zertaz hitz egin. Euskararekiko konplizitateak, begiruneak eta konpromisoak elkartzen gintuen, eta, alaitasunez, tarte bikaina pasa genuen. Mintzodromoaren ideia oso praktikoa, baliagarria eta ederra dela egiaztatu nuen.
Egun hartatik, Mintzodromoa egiten duten guztietan, bertara joan ahal izateko antolatzen dut nire burua. Martxoaren 27an egon nintzen azken aldiz Mintzodromoan, eta Barbara Argentinarrarekin topo egin nuen sarreran. Duela hiru urte iritsi zen Donostiara eta nire etxe azpiko tabernan egiten du lan. Angel ere bertan zegoen, euskaltegiko lagunekin sagardotegira joatekoa zena, eta baita Sorian jaiotako Miren ere, ospitalean lan egiten duelako euskaraz ikasten ari dena. Ezin ahaztu duela bi urte Mintzodromoan ezagutu nuen Mark txinatarrak zein ederki hitz egiten zuen euskaraz, edo bost hilabete Euskal Herrian bizitzen zeraman Errumaniako Bikik gure hizkuntzarekiko zuen interesa eta praktikarako gogoa. Nekane ere han zegoen, beti parte hartzeko prest.
Nire inguruko euskaldun zahar eta euskaldun berri guztiei merezi duela esaten diet. Han batzen gaituen helburuak merezi du, eta guk geuk ere merezi dugu. Eskerrik asko Bagerako lagun guztiei Mintzodromoa posible egiteagatik! Jarraitu ezazue nirekin kontatzen!
Nerea Redondo Otamendi, Mintzodromoko partaidea