Euskaraz bizi nahi duen belaunaldia
Askok agian ez duzue Gazte Euskaltzaleen Sarea ezagutuko. Sarrera txiki moduan esan, gazte euskaltzaleon sarea 2016an egindako GazteEraiki Topaketetatik eta Gaztealdia ariketa praktikotik sortu zela. Bi egitasmo hauek, baina batez ere Gaztealdiak, argi eta garbi utzi zuen euskarak gazte mailatik borrokatzeko eta hausnartzeko beharra zuela. Horregatik, hainbat asanblada egin ondoren sortu zen sarea.
Badirudi azken urteetan iltzatuta geratzen ari garela euskararen aferan: herri honek euskararen baitan diskurtso oso eta trinko bat osatzeko ez gaitasunarengatik, eta, bestetik, gazte belaunaldi berrien euskara erabilera ezaren ardura nork duen bilatzeagatik. Bada, argi dagoena da euskarak behar duela diskurtso nazional bat Euskal Herriko errealitate linguistiko guztiak barnebilduko dituena, eta ez inor atzean utziko duena. Guk gazteok nola nahi ere badugu erantzukizuna horretan, gu izango baikara euskaltzaleon erreleboak eta gu izango garelako herri honetan euskarak aurrera egin dezala bermatuko dugunak.
Nazkatzen nau behin eta berriro entzuteak guk ez dugula euskaraz bizi nahi, dena eginda eman zaigula, erosotasunean bizi garen gazteria garela edota ahulak garela. Gaur gaurkoz, oso erreferente euskaldun gutxi daude, edo ezagutzen ditugu; horrek guztiak nola nahi ere, globalizatutako mundu batean eragin handia du, zeren eta gero eta gehiago begiratzen dugu kanpora. Azkenean, gazte zein haurrek ikusten ditugun programa guztiak edo ia guztiak erdaraz daude; beraz, hemen sortu ezean, gazteok kanpora joko dugu erreferente bila. Bestetik, badugu ikasketak euskaraz osoki burutzeko auzia, ezinezkoa dena ezta lurralde batean ere, batzuetan legeak direla medio eta besteetan baliabide gutxi jartzen dituztelako. Esan beharra dago ere, azken urteetan gero eta eraso gehiago ari garela entzuten bai ikasgeletan, baina batez ere instituzioen aldetik, atzera pauso izugarriak suposatuz. Adibidez, Laudioko Udalean gertatutakoaren harira, epaileak esatea euskara hizkuntza zailena dela, eta sentsibilitate gutxikoa dela udalak ezezkoa ematean langileari euskara maila minimoa ez betetzeagatik.
Azkenik, esan nahiko nuke gazteak bagaudela kezkatuta, haserre, amorruz, baina batez ere gogotsu. Gogotsu gure herriaren hizkuntzaren alde borrokatzeagatik eta gazte ikuspegitik ahal dizkiogun ekarpen guztiak egiteagatik. Gu baikara etorkizuna. Hau guztiagatik animatu nahi zaituztet euskaltzale guztioi maiatzaren 21ean Donostiako kaleak hartzera argi eta ozen esateko: euskara aurrera doala eta joango dela!