Ez da hain konplikatua: den-dena nahi dugu
Ate joka dugu Langileon Nazioarteko Eguna. Aurten ere ez dute etenik izan soldata miserableek, ezegonkortasun laboralak eta pobrezia orokortuak. Osasun krisi betean ere gogorarazi digute zer den obeditzea, eta zertan datzan euren demokraziaren diziplina. Egunerokoan pairatzen duguna gogora ekartzeko une aproposa izan daiteke, baina hori beste batzuei utziko diet oraingoan. Data hauetan langileriaren antolakuntza eraginkorra hipotekatzen duten alderdi politikoen eta sindikatu klasikoen diskurtsoetatik at, babes gabe daudenak eta benetako aldaketaren eroale direnak ekarri nahi ditut gogora.
Enpresa handietako baldintza miserableei ihes egin ezin dietenak, baina baita auzoko enpresa txikietan esplotatzen dituztenak ere, etxeko langileak, beltzean lan egitera behartutakoak, eskola kapitalistan heztea besterik ez duten ikasleak, paperik gabe nola hala bizirik iraun behar duten migranteak edota laguntza sozialak bizi-bitarteko bakartzat dituztenak.
Langabezia kronikoan daudenak, gazte izateagatik are gehiago odolusten dituztenak, babesik gabe zainketa lanetara zuzendutako emakume langileak. Etxetik kanporatutako bizilagunak, 24/7 bortxatua izatera behartuta dauden sexu-langileak, inguruko riderrak, lan-istripuak pairatu dituztenak edota azken urtean erailak izan diren soldatapeko langileak zein emakumeak.
Baina, batez ere, inertzia honetan guztian eragiteko hautua oinarrizko premisatzat hartu dutenei zuzendu nahi diet gaurkoa.
Oinarrian miseria besterik ekoizten ez duen bizimodu anker honen aurrean ezikusiarena egiteari utzi eta borrokatzeko hautua egiten dutenei. Pobrezian mantendu nahi gaituztenei bizkarra eman eta antolakuntza independentea bultzatzen duzuenoi. Jazartzailearen kontaketari uko egin eta langileriaren historia kontatzen laguntzen duzuenoi, ogi apurrekin aski ez eta osotasuna etengabe aurkitu nahi duzuenoi. Elkartasuna balio estrategiko gisa eraikitzen, eta aniztasun desintegratuan klase batasuna bultzatzen duzuenoi.
Kritika politikoa eta arrazionaltasuna ipar dituzuen, eta borroka fronte bakoitza militante eskola bihurtzen duzuenoi. Langile kontrolpeko espazio bakoitzari zentzu politikoa ematen diozuenoi, gizarte honek markatutako bidezidor hegemonikotik atera eta kultur eredu propioa proposatzen ari zaretenoi. Langile klasea existitu ez dadin baldintzak jartzen ari zaretenoi. Haustura politikoa egia bihurtu, eta sozialismoaren aldarria berreskuratu duzuenoi.
Finean, mundu ikuskera berri bat zabaldu, eta estrategia komunista indartzen ari zareten norbanako guztioi. Ez da hain konplikatua: den-dena nahi dugu.
Gora Maiatzaren Lehena!