Ez ditu guztion beharrak betetzen
Egiakoa naiz eta 63 urte ditut. Ez dut inolako mugikortasun arazorik, baina denbora behar dut lantokira iristeko. Izan ere, hiriaren erdialdean lan egiten dut.
Beste bizilagun batzuek, ordea, mugitzeko zailtasunak dituzte. Adinekoek, gurasoek haurren aulkiekin, eta elbarriek. Pertsona horientzako auzoko sarrerak eta irteerak oso garrantzitsuak dira. Une honetan, Egiako oinezkoen zein autoen sarbideak oztopatuta daude. Mundaiz itxita dago, Iztueta eta Astiñene traba askorekin, eta orain lur azpiko pasabidea itxi digute. Aukerak agortzen ari dira!
Trenbide gaineko pasabidea dugu. Harrigarria iruditzen zait estalkirik gabekoa izatea. Zeini okurritu zaio ez estaltzea jakinda hemen euri asko egiten duela? Bestalde, pasabidearen zabalera eta igogailuaren tamaina aipatuko nituzke. Zer egingo dugu euria egitean igogailua hondatzen bada (abian jarri eta lehen astean gertatu zen moduan)? Eta jende kopurua ugaritzen den urteko garai jakinetan?
Igogailua txikia da. Gurpildun aulkian doan pertsona batekin beste bi sar daitezke. Gauza bera gertatzen da haur baten aulkitxoarekin eta bizikleta batekin. Abiadura handiko trena 2027ra arte ez da aurreikusten Donostiara iritsiko denik. Beraz, zergatik horrenbesteko presa obra honekin? Iruditzen zait utzikeriaz jokatzen ari direla, inprobisazioz. Ez dira konturatzen obra honek bizilagunak kaltetzen dituela.
Itxi duten pasabidetik jende asko joaten da Erdialdera. Gure irteera naturala da hondartzara, San Martin azokara eta Artzain Onaren mezetara joateko (auzotar askok ohitura dute), besteak beste. Bestalde, musika eta dantza eskolara eta Tabakalerara etortzen diren herritarrak asko dira, eta horiek denak ez dira aintzat hartu pasabidea ixterakoan.
Zer gertatuko da bizilagunen senideak maletekin bisitan etorri eta igogailua ez badabil? Zer egingo dugu? Azpiegitura hau irrigarria iruditzen zait beharrak askotarikoak izanik.
Auzoa hankaz gora utzi aurretik arazoei irtenbiderik onenak eman behar zizkieten. Era berean, lan guztiak pixkanaka egitea egokiagoa zen. Dena dela, dudan sentsazioa da interes ekonomikoak herritarren aurretik jarri dituztela. Udalari, Gipuzkoako Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari bost axola bizi dugun egoera. Gainera, hau guztia bi urteko epean pairatu beharko dugu, eta bizilagun askok aipaturiko erakundeen kudeaketa txarraren ondorioak sufrituko ditugu.