Ez zapaldu garbitutako zorua
Rakel izena dut. Udaleko eraikinetako eta lokaletako garbitzaileen CCOO batzordeko kidea naiz, eta udalak berriki lizitatu duen eraikinen eta lokalen garbiketa zerbitzuaren I. loteko kontratazioen pleguan egindako murrizketen kaltetuetako bat.
Emakumeen etxean egiten dut lan. Egunero 3,5 ordu egiten ditut. Astean, guztira, 17,5 ordu. Lau etxe garbitu behar ditut, guztira 429,51 metro koadro. Lau etxe horietatik bi, sotoa eta azken pisua dira, eta ez dute karga-jasogailurik; beraz, garbitzeko behar ditudan tresna guztiak (erratza, pala, zoru-garbigailua, urez betetako kuboa, trapuak eta baietak, garbitzeko produktuak…) nik neuk igo eta jaitsi behar ditut, pultsuan.
Garbiketa zerbitzua kontratatzeko plegu berrietan sorpresa handia hartu dut lan egiten dudan eraikinarentzat egin duten fitxa teknikoa ikusi dudanean. Sorpresa! Astero 7,50 orduko murrizketa. Ezin nuen ulertu, elkartekoek beraiek ordu erdi gehiago eskatu baitzuten eraikina garbitzeko beharrak asetzeko, eta maiztasun handiagoa nahi zuten egoitzako tatamia, terraza eta estolda zuloa garbitzeko. Plegu berri honetan hau guztia ez da aurreikusten.
Orduan, zer gertatu da zentro hauek egin dituzten eskaerekin? Zergatik galdetzen diete zentroei zer behar dituzten, gero udalak bere balorazio propioak egiten baditu?
Berehala hasi nintzen fitxa tekniko berriak begiratzen, konparatzen hasteko, eta beste garbitzaileei bidali nizkien, eurek lan egiten duten zentroetako fitxekin konparatzeko, aldaketarik egin duten jakiteko, eta sorpresa bikoitza! Murrizketak daude ikastoletan, haurren eskoletan, haurtxokoetan, gaztelekuetan, zahar etxeetan, helduen heziketara bideraturako zentroetan… Behar bereziak dituzten zentroak dira, eta askok garbiketa zerbitzu bereziak izan dituzte ekainera arte, COVID-19a dela eta.
Eta murrizketak bakarrik ez, 2018ko pleguekin konparatuz gero, eraikinetan garbitu beharreko metro koadro kopuruak ez du kointziditzen. Gainera, kontuan hartu behar da ez dela gauza bera mahaiak, aulkiak, arbelak eta bestelako objektuak dituzten gelak garbitzea edo bilera gela soil bat garbitzea. Nahiz eta bi gelek tamaina berbera izan. Orduan, zer azterketa mota egin dute lizitazio berrirako? Zertan oinarritu dira astero 255 orduko murrizketa egiteko 32 zentrotan?
Eta hau guztia, kontuan hartu gabe plegu berrian bete ezinak diren garbitzeko maiztasunak ezarri dituztela. Eta, gure osasuna? Buruko osasunaz eta fisikoaz ari naiz. Norbait kezkatu al da gure osasunaz? Lehen, ez ginen iristen, eta orain, zer, esprintean ibili behar dugu?
FCC Ingurumeneko langileen batzordeak askotan eskatu dio udalari plegu berriak egiterakoan gu egotea, baina udal gobernua osatzen duten alderdiak kontra agertu dira.
Eta klausula sozialak? Eta aldez aurretiko genero inpaktuaren inguruko ikerketa? Zaintza, kontziliazio familiarra… Hori guztia kontuan hartu dute? Nik, egia esateko, ezetz uste dut.
Aipatu nahi dut garbitzen ditugun elkarte eta bestelako lekuetatik (Emakumeen Etxeak, guraso elkarteak) murrizketak salatzeko gutunak bidali dituztela hainbat sailetara. Oraintxe bertan pleguak inpugnatu ditzatela eskatzen dugu.