Festak aurrea ederragoa du atzea baino
Berrogeialdiak espazioarekiko dugun erlazioaren inguruan hausnartzeko aukera ireki zuen. Metro koadro gutxitan giltzapetuta egon beharrak, kaleen eta espazio publikoen erabileraren inguruko aldarrikapenak areagotu zituen, hauen parte izateko sentimendua inoiz baino gehiago bizituz. Errealitatea, ordea, bestelakoa da, hirigintzak kapitalaren interesekiko duen mendekotasunaren ondorioz, herritarrok espazio publikoen gaineko kontrola oso urrun baitugu.
Donostian, 90eko hamarkadatik hona, hotelen ugaritzea geldiezina izan da, bereziki azken hamarkada honetan bizkortuz. Honek, alde batetik, establezimendu mota honen hedatzea ahalbidetu du hiriko hainbat eremutan, baina, bestetik, espazioaren banaketa modu heterogeneoan garatu denez, bereziki erdialdeko eremuetan kontzentratu dira.
Tokiko egoera hau dinamika globalago baten baitan ulertu beharra dago, non merkatuko indarrek hiri askoren erdigune historikoen eraldaketa sakona ekarri duen. Azken emaitza, hirira heltzen diren bisitarien beharren arabera eraikitako eta eraldatutako hiri bat da, kutsadura bisuala sortzen duten elementu turistiko ugarirekin. Horrela, hiriko paisaia turistikoak eratzen dira, munduko leku guztietan erraz antzeman daitezkeenak. Zentzu batean, globalizazioaren paisaiak dira, baina dimentsio hutsal eta estetiko okerrenean.
Historikoki, zentraltasun eremu hauek sektore ezberdinetako jarduera ekonomikoak erakartzeko gaitasun nabarmena izan dute. Gaur egun, ordea, espezializazioak tertziarizaziorako joera indartu du. Prozesu horien eraginpean dauden eremuetan, bizitegi funtzioa beherakada nabarmena bizitzen ari da, jarduera ekonomikoen dibertsitatea murriztu eta monolaborantza turistikoan oinarrituriko eremuak sortuz.
Gorakada geldiezin honek areagotu egin du turismoaren gaitzespena. Maila pertsonalean, bizikidetza arazoak sortzen dira, leku horiek bizitegi gisa duten erakargarritasuna murriztuz. Ondorioz, gure gisa sentitzen dugun kale, auzo edo hiri batekiko atxikimendua galtzeko bidean gaude, guk geuk arrotz sentitzen ditugulako. Egoera honek huste prozesua areagotu du, erdialdean bizi ziren bizilagunen lekualdatze espaziala periferiara bultzatuz. Gainera, egoera mingarriago egiten da auzokideek hautematen dutenean tokiko gobernuek arreta handiagoa ematen diotela turismoari herritarren ongizateari baino. Auzotarrek hazkunde turistikoaren eragozpenak jasaten dituzte interesek bat egiten dutenean, baina ez izan ditzaketen onurak.