Garberaz eta saltoki txikien auziaz
Batzuen protestarekin eta besteen laguntzarekin ireki zituen ateak pasa den asteazkenean Garbera berriak. Hamaika denda berri, mota guztietako jatetxeak eta aurki irekiko dituzten zinema berriak dira inbertsio berri honen ondorioetako batzuk. Guztira, 56.000 metro koadro izatera iritsiko da Garbera berria.
1997an inauguratutako merkataritza gunearen xedea garbia izan zen: merkataritza eta kontsumo fluxu berriak bultzatzea, errepidez loturiko alboko eremuetan. Dudarik ez da ere, multinazional handiek begiz jota dutela eremua, eta ahalik eta etekin handiena atera nahi diotela, hori baita harreman sozial kapitalisten oinarrizko lehen legea. Hain zuzen ere, egungo mundua harreman sozial jakin batzuen arabera eraikitzen denez, harreman mota hau da zalantzan jarri beharrekoa, eta ez horrenbeste bere tamaina edo ahalmena. Azaltzen saiatuko naiz.
Egia da multinazionalek gidatutako proiektuetan ohikoak direla, edo, hobeto esanda, estrukturalak direla lan baldintza kaskarrak, behin-behinekotasuna eta kaleratzeak. Ordea, fokua soilik multinazionaletan jartzea arazoaren zati bat ezkutatzea dela iruditzen zait, merkataritza gune handietan bezala, gure auzoetako saltokietan eta tabernetan egunero jasaten baitira horrelako egoerak, batez ere gazteok. Ez ahal du, bada, komertzio orok bere irabazi tasa mantentzea helburu? Zenbat aldiz ikusi behar izan ditugu saltoki txikietan gertatutako abusuak, ordaindu gabeko ordu estrak edo soldata barregarriak?
Saltoki guztiak daude irabazi minimo bat eskuratzera behartuta, eta irabazi hori langileen eskubideen urraketan oinarritu behar bada, ez da gupidarik hori egiteko. Beraz, niri behintzat oso arrotza egiten zait, alderdi politiko guztiek esan ohi duten moduan, saltoki bat edo bestea defendatzea. Izan ere, esplotazio lege berdinen arabera funtzionatzen dute denek. Batzuk modu bortitzago edo agerikoago batean, horretarako ahalmena dutelako, baina eskubide urraketak nonahi ematen dira. Saltoki mota baino, harreman sozial horretatik kaltetuta ateratzen direnak defendatu beharko genituzke; hau da, langileak. Bai Garberaren gisako merkataritza gune handietan, bai gure auzoetako denda eta saltoki txikietan.
Batzuek erantzukizuna maila indibidualera eramaten dute: pertsona ona da auzoan kontsumitzen duena, eta arduragabea, ordea, multinazionalei produktuak erosten dizkiena. Nik, ordea, zera esango nuke: arduratsua da edonon ematen diren abusuak salatu eta horiei aurre egiteko aterabide antolatzailea planteatzen duena; aldiz, arduragabea da hainbat eta hainbat saltokitan ematen diren abusu horien zati bat ezkutatzen duena. Nork non kontsumitzen duen galdetu beharrean, honakoa galdetu beharko genuke: nolatan batzuek ezin dute nahi beste kontsumitu? Zergatik saltoki guztiek jarraitzen dute irabazi nahiaren patroi berbera? Edo, zergatik ez dugu ekoizten denaren gaineko kontrolik?