Gaueko ehizak eta erantzuleak
Abuztu bete-betean gaude, eta Donostian bizi garenok badakigu horrek zer suposatzen duen hirian. Etorri da beste behin ere turista uholdea, hiriko puntu esanguratsuenen saturazioa eta jende pilaketak. Egoera hau normaltzat hartu genuen aspaldi, baina badira ere azken egunetan izan diren beste gertakari batzuk, larriak oso, normalizatu ditugunak, eta hausnarketatxo bat merezi dutelakoan nago.
Azken egunetan, gaua iritsi orduko ezinegona sortzen zuen zerbait nabaria zen gazte jendearen artean. Tabernak itxi orduko, ehiztari profesionalak izango balira bezala, poliziaren presentzia itogarria zen Parte Zaharreko kaleetan, beste behin gogora ekartzeko hemen aginte boterea zeinek esleitzen duen. Baina larriena, Poliziaren aktuazioa bera normalizatu dugunaren sentsazioa da. Normala al da gauero gazteen aurkako pilotakadak, jipoiak, eta abusuak izatea? Propaganda politikoa jartzeagatik identifikatuak izatea? Normala al da kalez jantzitako poliziak gauez etxeraino jarraitu, sekulako astindua eman eta justifikaziorik gabeko atxiloketa burutzea? Normala da 4 egunean 40 gazte atxilotu izana eta beste 63 ikertzen ibiltzea? Non dago honen guztiaren salaketa?
Duela hilabete batzuk idatzi nuen COVID-19aren testuinguruak aurretiaz zetozen hainbat prozesu azkartu zituela, tartean, askatasun politikoen gabezia eta kontrol zein diziplinamendu sozial berri baten hasiera. Politikari profesional guztien ardura ere aipatu nuen, ezkerrekoena barne. Azken asteko gertakarien harira eman den isiltasunak baditu erantzule ezberdinak. Horietako bat, ikuspuntu iraultzaile batetik onartezina den poliziaren erreformaren gaineko eztabaida bultzatzen ari den sektorea da. Mertxe Aizpuruak eta Arnaldo Otegik (EH Bildu), salbuespen egoera bultzatu ostean, berriki egin zituzten deklarazioek ondo laburbiltzen dute azken hauen posizioa: Neurri koertzitibo gehiagoren eskaera eta indar polizialetan eragiteko asmoa. Donostiako kasuan, EH Bildu ere “ekintza bandalikoak” arbuiatzera atera da soilik, multinazionalei euren kezka adieraziz eta jazartuekiko hitzik ere ez esanez. Pertsona armatuek egindako oro “normaltzat” joz eta onartuz.
Laburki esanda, biolentzia poliziak berezko duen balorea da. Indarraren bitartez mundu ikuskera jakin bat ziurtatzeko izan zen sortua eta horretan dirau. Beraz, polizia eredu demokratiko edo komunitarioan pentsatzeak oinarrizko akats kontzeptuala da, ez baduzu behintzat egun ezarritako sistema bera gobernatzeko helburu soila. Kontua konplexuagoa da, poliziaren benetako abolizioak, egungo mundu zaharraren zutoin guztien eraisketa eskatzen baitu halabeharrez.
Zara-k eta Lacoste-k kristal berriak dituzte jada, baina 103 gazte jazartuei eragingo zaien mina ez da hain azkar pasako ordea.