Gogoeta azkar bat euskarak Justizia Administrazioan duen egoeraz
Pentsatzen hasita, punpa-lasterrean burura datorkidana, hauxe da: badira hogeita sei urte luze abokatu lanetan hasi, eta, horrenbestez, justizia administrazioa bertatik bertara ezagutzen hasi nintzela. Aste oso batean egin zitezkeen ehunka eta ehunka eginbide prozesalen artean, bakan batzuk baino, ez ziren euskaraz egiten orduan: izan idatzizkoak (demandak, alegazioak, errekurtsoak), izan ahozko eginbideak (epaiketak, deklarazioak, agerraldiak, eta abar). Aldian aldiko bezero eta abokatu paraxutista batzuen ekimen borondatetsuen ondorioz egiten ziren euskarazko eginbide batzuk. Gaur egun ez da asko hobetu. Zenbat, gutxi gora-behera?
Orduan, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan, euskara batzordea osatuta zegoen, eta han ezagutu nituen Arbelaitz, Etxabe, Barrenetxea, Aperribai abokatu euskaldunak. Bazegoen, bederen, justizia administrazioan pausoak ematen saiatzen ari zenik toga-borrokan. Eta, horrekin batera, baziren Gipuzkoako epaitegietan, orduan, euskaldunak ziren epaile ezagunak: N. San Miguel, G. Biurrun, E. Balerdi eta beste batzuk. Gogoan dut, bidenabar, artean jubilatu gabe zegoen Pedro Baraibar Askobereta notario jaun euskaldun eta euskaltzaleak esan zidana, bere bulegoan eskritura bat prestatzen ari ginela: «Sortzen diren eskrituren %10 euskaraz egitea lortuko bagenu, sekulako pausoa litzateke». Eta, daitort, sekulakoa iruditu zitzaidala ganoragabekeri hura: «Ehunetik hamar? Nola jar zezakeen halako langa eskasa gizonak?», galdetzen nion nire buruari, pentsatuz gizon hark ez zuela euskararen aldeko jarrera benetakorik-edo, publikoki hala pentsarazi nahi bazigun ere.
1996. urteko martxoaren 1eko 410/1996, Errege Dekretuaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak hainbat eskumen gehiago jaso zituen, justizia administrazioaren baliabide material eta ekonomikoei dagokienez. Egia da epaitegietako langileek euskara jakin zezaten balioan jarri zela, pixkanaka. Hauen euskararen ezagutza maila, eta EGA izateak lanpostuetako zerrendetan aurrerago egotea zekarren, esaterako. Justizia Administrazioaren muina eta zutabeak, ordea, ukiezinak ziren. Eta dira. Noiz arte?
Gipuzkoan, euskaraz sortu eta jarduteko erabakia hartuta duten hainbat udalerrietako ekimenari esker, bereziki, gaur egun epaitegietan aurkezten diren euskarazko agirien kopurua nabarmen igo da duela mende laurdenetik gaurdaino. Gaztelaniara itzuliko dira den-denak, epaitegietan martxan baldin badaude, jakina. Bestela, jai.
Bagerako irakurle zorrotzari, datu ez zientifiko baina bai esanguratsuren bat eskaini asmoz, duela egun gutxi, Donostiako epaitegietako korridoreetan, hango euskara itzultzailea –hogeita hamar urtetan– eta hau sinatzen duen abokatuaren artean suertatutako elkarrizketa batetik ondorioztatutakoa adieraziko diot, aipatutako egoeraren isla dena: abokatuak itzultzaileari eskatu dio esan dezala 0 eta 10 artean zenbatgarrenean kokatuko zukeen gaur egun euskararen egoera justizia administrazioan. 0, duela hogeita hamar urteko egoera, eta 10, justizia administrazio euskaldun oso eta normalizatua. Zalantzan zegoen 1era iritsiak ote ginen.
Baraibar Askobereta notarioak esandakoekin oroitzen naiz sarri. Eta horrekin, gero eta argiago dudana, hauxe: justizia administrazioan euskararen egoera soilik normalizatuko da, administrazio hori euskaldunen berezko estatu bateko zutabe izango bada.
Luix Barinagarrementeria, abokatua