Gora Egia!
Lasai, ez da garagardoa eskuan dudala eduki dudan beroaldi bat, halaxe du izena argitaratu berri dugun webguneak: www.goraegia.eus. Egiako herri mugimenduaren ekimenak biltzeko webgune berria da. «Baina auzo soil batek halakorik behar al du?» pentsatuko zenuten, ba, ez dakit, baina gure auzoa beti izan da aberatsa elkarte, eragile, talde, asanblada eta askotariko proiektuetan, hauen ekimen zein deialdiak landu eta zabaltzeko lagungarria izango delakoan gaude.
Azoka Txikia, Zaintza Sarea, Hau Egia da!, Kaktus Berri, Gordegia, Neska Gazteak, Subizi Gaua, Ongi Etorri Eskolara, Egian Zeinu Hizkuntzaz, Garagardo Azoka, Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako, Porrontxo Jaiak… Horiek adibide batzuk besterik ez dira. Hamaika ekimen antolatzen dira justizia, ongizatea, kultura eta ekonomia sozialaren alde, besteak beste. Ez gara geldi egotekoak, ez! Agian Polloeko baretasunak badu zerikusirik gure bizitzetan; «Izango dugu atseden hartzeko astia, orain, mugi gaitezen hautsak estali baino lehen!».
Tabernetako kartel, posta zerrenda eta Whatsapp taldeetan sakabanatuta dagoen aktibitate hori guztia plaza birtual batean elkartu nahi dugu, auzokide orok eskura eduki dezan. Hiru atal nagusitan antolatu dugu gunea: Agenda, eragileen deialdien informazioa jasotzeko; Zure Ahotsa, bertan iritzi artikuluak eta albisteak argitaratuko dira; eta Iragarki Taula, edo alegiazko merkatu bat. Eragileek eta norbanakoek zuzenean webgunea elikatzeko prestatu dugu dena, honela, deialdiak, artikuluak eta iragarkiak zuzenean igo daitezke; gerora, aldaketak egiteko aukera ere egongo da.
Bide hau teknologia burujabetza jorratuz egin nahi dugu baita ere, Google bezalako pizti erraldoien aurrean alternatibak eskainiz. Horretarako ideia desberdinak garatzen ari gara, adibidez, egun asko erabiltzen diren izen-emate eta eskari inprimakiak egiteko aukera emanez.
Gora Egia!-ren atzean lantalde serio bat dagoela pentsatuko zenuten jada… tira, seriotasuna badugu baina proiektu honen oinarrian auzoko teknologiaren bi friki elkartu gara: Alain Urizar eta biok. Zorionez, Egia Bizirik bizilagun elkartearen babesa dugu eta hainbat eragiletan dabilen jendeak begi onez ikusi zuen Teila Fabrikan egin genuen aurkezpenean.
Beraz, badakizue, tresna berri hau hobetzeko zuen ekarpenak jasotzeko irrikitan gaude, guztion onerako diren borrokak eraginkorragoak izan daitezen! Eta orain bai, topa! eta, Gora Egia!