Gure saririk onena, elkarrekin ospatzea!
Jai giroa sentitzen dugu Txomiñenean. Irailaren 2tik 4ra auzoko jaiak ospatzeko prest gaude, baita galdutako normaltasun hori berreskuratu dugula ospatzeko ere. 2019an gure jaiak ixteko traka bota genuenetik, gauza asko pasatu dira Txominen. Berri onen artetik, kaldereroen itzulera nabarmendu beharko genuke, hiru hamarkada luzeren ondoren bueltatu zirelako. Era berean, euskararen erabilera auzoko haurren artean sustatzeko jarduerak antolatu dituzte, berriz ere, Parketarrak egitasmoaren barruan.
Berri ona da ere, azkenik, Arteleku plazaren lanak abiatu izana hainbat atzerapen jasan ostean. Auzoko erdigunea zabortegi gisa utzita egon da zenbait urtez, baina laster bukatuko dute obra. Bestalde, berri txarrak ere izan ditugu. Txarrenetakoa 1,6 milioi euroko aurrekontu zatia galdu genuenekoa izan zen. Udal gobernuak Santa Klara irlako eskultura ordaintzeko erabili zuen Txomineko hirigintza sustapenaren diru zati bat. Dirutza horrekin sekulako jaiak antolatuko genituzke!
Dena dela, aldaketarik nabarmenena auzoaren biztanleriaren hazkundea izan da. Etxebizitza asko eraiki dituzte azken hiru urteotan, eta, ondorioz, bizilagun askori ongietorria egin diegu. Auzoko jaiak harremanak egiteko eta auzo bizitza bultzatzeko aukera paregabea dira. Txomiñenea ezagutzea posible da, besteak beste, herri afarian, trikipoteoan, mus txapelketan eta dantzaldian. Auzo bat eraikitzeko ez ditugu soilik adreiluak behar. Auzoa bizilagunek eraikitzen dute, eta horretaz oso harro gaude.
El Txominazo. Gure saririk onena, elkarrekin ospatzea! lelopean jaien egitaraua prestatu dugu Txominen. Loteria tokatzen zaizunean esaten den moduan, aurtengo jaien leloak elkarrekin ospatzeko gogo hori nabarmendu nahi du. Eta hiru urte pasatu eta gero gogotsu gaude txupinazoa botatzeko. Gora Txomin eta Txomineko bizilagunak!