Gurea da hautua
Bueltan dira hauteskundeak, bueltan datozen lau urteetan herritarrok ordezkatuko gaituen udal-gobernua hautatzeko unea; gure hiriaren gobernagarritasuna zilegitzeko herritarrek emango dugun fidantzia ezagutzeko aukera. Zirt edo zart. Eman edo utzi.
Azken urteotan bizi, sentitu edo jasan ditugun proiektu, ekintza eta ordezkarien jarrerak saritu ala isundu beharra dugu, memoriaren ateak zabaldu eta hiriak izan duen bilakaera gogoratu. Nolakoa zen 2019ko maiatzaren 26ean Donostia? Zer gertatu da geroztik? Eta orain, zein hiri dugu? Hobera egin al du? Okerrera akaso.
Batzuek pragmatismotik, beste batzuek sentimendutik, eta beste batzuek asperkeriatik egingo dute bozka. Edo ez. Abstentzioa da Donostian seigarren hautagaia eta aurreikuspen guztien arabera gora doan hautua da, gaitzuste sozialaren sismografoa. Herritarrek alderdiekiko duten desafekzioa erreparatzeari ekiteko entzute eta proposamenen diseinu prozesu irekiak espero zituen horietako bat naiz; berrikuntzaren aldeko apustua egin eta entzule gabeko mitinak deuseztatzeko aroa zela sinestarazita zegoen ameslari bat. Baina tira, Donostiakoa kasu isolatua ez denez «betiko eran egingo dugu kanpaina», panfleto eta propaganda.
Donostiarrok azken lau urteotan ozen eta modu bateratuan eskatu duguna da hirian hartzen diren erabakietan eta egin nahi diren proiektuetan hitzartzea. Datorren legealdian herritarrak entzungo dituen, kogobernantzan jardungo den eta donostiarron bizitzarekiko errespetuzko politikak lehenetsiko dituen udal gobernu bat hautatu behar dugu.
Ez dut alderdien hautagaitzarik omenduko, ezta hauteskunde programarik iruzkinduko ere, baina hautagaiei gogorarazi: Donostia gobernatzeko eta bereziki zorrotzak garen herritar guztiak ordezkatu eta asebetetzeko eskaintza egin duzue. Gurea da hautua.