Harrika
Kontxako estropadak direla eta, zientoka lagun etorriko zaizkigu berriz hainbat herritatik. Aurten, Donostiako arraunzaleek aspaldian ez bezalako arrazoiak dituzte pozerako. Emakumeen ligan Arraun eta Donostiarra goi ligan daude; gizonezkoenean Donostiarraren bi traineruak ahal duten goren. Gainera, kategoria guztietako banderak ekarri dituzte hirira.
Hala, arraunaz arduratzen den kazetari eta aditu askoren mintzagai bihurtu da Donostiako arrauna, onerako oro har. Askok eta askok ekarri dute gogora hiriak arraunarekin izan duen lotura; azken hamarkadetako emaitza apalxeagoak medio, hainbatek ezagutzen ez dutena. Duguna, hobe esanda. Izan ere, neuk arraunaz ezer gutxi dakit. Eta, halakoetan, dakienari kasu egitea onena.
Jakina, Donostiako arraunak hobera egiteak askori ez dio berebiziko pozik egin. Ulergarria da. Ulergaitza, ordea, kazetari batek Twitterren esana: “Donostiako arraunaren arerio handienak donostiarrak dira”. Luze eztabaida genezake hiriko kluben arteko ika-mikez, baina nago bai batzuek bai besteek bertako arrauna sustatu nahi dutela, nork beretik. Etxeko arerioak aipatuta, bertako arrauna erdeinuz eta begi okerrez begiratzen duten donostiarrei buruz ari zen kazetaria.
Ez naiz ari, edozein arrazoi dela medio, zilegitasunez, beste klub batekoak diren zale donostiarrez. Baizik eta, arraunari kasurik egin gabe, benetako arraun txatxiguatxia Donostia ez beste tokietako traineruetan datzala uste dutenez. Predikamendu handiko ideia gurean, oraindik inork taxuzko argudioekin azaldu ez arren.
Ez da zertan denari buruz jakin. Baina, arestian esan moduan, ezagutzen ez denaz iritzia ematekotan, hobe dakienari kasu egitea. Hemen ere bada zer hobetu handia, horrexegatik polita litzateke donostiarrok bertako arrauna gehiago babestuko bagenu eta bertan inplikatu. Edo behintzat trabarik jarri ez.
Bihoakie neure eskerrik beroena urtez urte Donostiako arrauna sustatu duten kirolari, entrenatzaile, zuzendaritza-kide, kazetari eta zaleei. Maiz, urtean bitan besterik gogoratzen ez garen horrek makina bat pertsonaren ordu andana baitu atzean.