Herrera, etorkizun duina arriskuan
Azken hamarkadetan, ezaugarri izan zuen jarduera ekonomiko bizia kendu zaio Herrerari. Lantokiak arian-arian hiriko beste muturrean zeuden poligono berrietara, edo beste udalerri batzuetara eraman zituzten, bertara iristeko jendearen mugikortasuna ia ibilgailu pribatura mugatuz.
Fabrikak etxebizitza eraikin berriekin ordezkatu zituzten, ekipamendu-gehikuntzarik gabe, eta, horrela, jende guztiak paperean, indarrean dagoen Plan Orokorrak barne, defendatzen duen erabilera anitzaren ideia baztertu zuten.
Udalak berriro bultzatu eta babestuko du Zardoya-Otiseko instalazio eta inguruetan etxebizitzak eraikitzea; azken finean eraikigarritasuneko metro karratuetan soilik neurtzen diren garapen berriak egitea.
Plan Orokorraren berrikuspen-prozesua bizkortzeko, haren aldaketa puntual bat egin nahi dute. 456 etxebizitza berri eraiki nahi dira, lehen hitzarmenean 250 planteatzen zirenean. Legez dagozkigun lursail berdeen 5.600 metro kuadro horiek Erregeneara-Igeldora lekualdatzen dira, legearen espiritua argi eta garbi urratuz. Azken finean, OTIS multinazionalaren aldeko hirigintza negozio biribila.
Gure Herrerarentzat beraiek bultzatzen duten ereduan urrats bortitza, eta gure auzotik behin eta berriz mahai gainean jarritako gizarte-, kultura-, lan-, berde- eta aisialdi-espazio berrien etengabeko eskariei beste ezezko bat.
Beste behin ere, beti ezezkoan gaudela esango digute, errealistak ez garela. Ez dira gogoeta egitera geldituko, pentsatzera euren proposamenak azken finean beti gauza bera direla, eta euren jarduteko printzipio teorikoen aurka ere daudela ikusteko.
Ez dute betetzen hamabost minutuko hiriaren printzipioa, beraien hitzetan paradigma moduan erabilitakoa, hau da, gehienez 15 minutuko erradioan oinez oinarrizko funtzio urbanoak gauzatzeko aukera ahalbidetzen duen espazioa, (bizi, lan, hornitu, zaindu eta zaindua izan, ikasi eta atseden hartu). Zardoya-Otisen proiektua ideia hauen antipodetan dago, negozio mamitsua batzuentzat eta gure auzorako lo egiteko espazio ereduaren sakontzea.
Plan Orokor berria prestatzen ari den garai hauetan, Herrerako jendearen beharrizanekin bat datorren estrategia gauzatu behar duela diogu udalari.