Hilmugak: amaitu dezagun mugetako indarkeriarekin
Martxoaren 19an, aitaren eguna ospatzeko familia asko elkartzen dira. Askorentzat egun polita, baina ez ditzagun ahaztu egunero sufritzen duten hainbeste familia. Eta hauentzako ere egun garrantzitsua da. Martxoaren 21ean Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko eguna da, eta igande honetan aldarrikapen eguna izango da.
50 elkarte, herri mugimendu eta sindikatu baino gehiago elkarlanean aritzen gara M-19an Arrazakeriaren kontrako 26. martxa antolatzeko. Aurten, Hilmugak: mugetako indarkeriaren aurka lelopean Europako Batasunak eta barne gobernuek mugak zeharkatu nahi dituztenen eskubideak urratzen dituztela salatuko dugu.
Mugetako egoerak gero eta bortitzagoak dira, gobernuetatik inongo erantzunik gabe. Ez dugu urrutira jo behar: Bidasoan bederatzi lagun zendu dira Irun-Hendaia arteko barne muga zeharkatu nahian. Bizitza hobe baten bila joatea funtsezko eskubidea da. Zehar Errefuxiatuen datuen arabera, 800 bat lagun zendu ziren Mediterraneoan Espainiako Estatura iritsi nahian 2022an. Beste 2.500 Italiako kostaldean, eta zenbatzen ez diren guztiak. EBera iristean, barne mugen moduko oztopoekin egiten dute topo, kontrol selektiboak eta arraza profilamenduak, besteak beste.
EBk erakunde humanitarioen lana zailtzen du, milaka pertsonen heriotza normalizatuz, legezko migrazioak eragotziz. Asilo eskubidea sistematikoki urratzen du, guda eta gatazka armatuetatik alde eginez datozen pertsonen oinarrizko eskubideak zapalduz. Eta etorkizun hobe baten bila datozenak ere legitimoak dira.
Guztion inplikazioa beharrezkoa da EBk konponbideak ezarri ditzan. Zapalkuntza hau jasan ala ez, inoiz baino beharrezkoagoa da salaketa guztiona izatea. Honen aurrean isilik egoteak konplize egiten gaitu.
Zorionez, M-8an edo E-28an gero eta parte-hartze handiagoa dago. Lortu dezagun, ba, arrazakeriaren kontrako erronka ere guztiona izatea. Mugetako biolentziak jasaten dutenengatik, baita bertaratu ezin direnengatik ere. Astean 58,65 ordu lan egiten duten etxeko emakume langileengatik, soldata minimoan ezarritakoa baino % 40,79 gutxiago kobratzen dutenak. Ostalaritzan lan-esplotazioaren biktima direnengatik. Kale egoeran daudenengatik, Donostian 225 baino gehiago. Hamaika dira honelako egoerak. Ez dezagun ahaztu espazioa eta hitza ematea hau euren larruan sufritzen dutenei, baina gerturatu gaitezen denok igande honetan Trintxerpeko Azokara, 11:30ean.