Hiri akordio bat Donostia euskaldunerantz jauzi egiteko
Donostiako Udalak abian du 2020-2024 epealdirako hiriko Euskararen Plan Orokorraren (DEPO) diseinu lanak. Plan Orokorraren behin-behineko dokumentua aztertuta, lehenik eta behin nabarmendu behar dugu dokumentuak uneko argazkia erakusten duela gehiago, garapen edo eboluzio batena baino. Faltan ikusi dugu euskararen ezagutzak egin duen garapena, giza taldeka, arloka, auzoka eta baita datu absolutuetan ere. Badakigu, ordea, hezkuntzan, familietan eta helduen euskalduntzean egindako ahaleginei esker gero eta gehiago garela euskaldunak Donostian. Dagoeneko, donostiarron 2/3ek euskaraz hitz egin edo ulertzen dugu. Datu horrek zerikusi zuzena du hizkuntza eskubideak bermatu beharrarekin, eta baita erakundeetan eta gizarte eragileetan euskararen erabilera proaktiboa bultzatzeko politikak egin beharrarekin ere. Alde horretatik, txostenak ez du erakusten hizkuntza eskubideen bermeak zer garapen izan duen, ezta erakunde publikoek garatutako politiken baloraziorik ere. Gainera, ez du zehazten zer erabaki, salbuespen edota neurri hartu den hizkuntza araudiari lotuta (ez bada planak onartu izana). Areago, ez du araudia moldatzeko proposamenik egiten, ezta aukera hori aztertzekorik ere.
Txostenak, ordea, euskararen erabilerak izan duen aldaketaren datuak bai erakusten ditu. Hain zuzen ere, azpimarratzen du erabilerak behera egin duela 2006. urtetik gaur arte. Beherakada horren eragilerik, ordea, ez du aipatzen; ez dago gertatu denaren inguruko irakurketarik. Gure ustez, euskaldunok estres linguistikopean bizi gara, eta hormaren aurka aritzeko sentsazioa sentitzen dugu maiz. Horrekin ez diogu iskin egin nahi norbanakook dugun ardurari; areago, argi dugu gero eta gehiagok batera ekinez lortuko ditugula aldaketak, pertsonala politikoa baita, guztioi dagokiguna, kolektiboa.
Edonola, Donostia erdaldundu egin delako pertzepzioa hedatuxea dago. Turismoaren hazkunde neurrigabeak euskaldunoi geure hirian arrotz sentiarazi digu; Izagirreren garaian oreka bilatu bazen ere, hiriko udako jai nagusian erdara nagusi da; Euskara Zerbitzuak eta Bagera elkarteak egindako neurketen arabera, hizkuntza paisaian euskarak tokia galtzen jarraitzen du, gaztelaniaren eta ingelesaren mesedetan; normalizazio lana abiatu zenetik 40 urte igarota, erakundeek jarraitzen dute euskara modu testimonialean erabiltzen, eta gaztelaniari nagusitasuna ematen; eta abar. Hain zuzen ere, iruditzen zaigu DEPOren zirriborroak ez dituela aski ongi adierazten azken urteetan gertatu diren atzera urratsen zergatiak. Areago, hiriaren inguruko ikuspegi aski merkantilista erakusten duela iruditzen zaigu; ez dator bat Donostia orekatuago baten aldeko gure ikuspegiarekin.
Zabalduta dagoen pertzeptzio txar horrek frustrazioan erortzeko arriskua areagotzen du. Ukaezina da, irabaziak bezala, galerak ere baditugula. Baina lan handia egin dugu, denon artean, euskarak espazioa berreskuratu eta irabaz dezan. Horri esker, hiribururik euskaldunena izaten jarraitzen du Donostiak, eta horrek eskatzen digu jauzi bat eman beharra, bi ildotan:
-
batetik, prebentzio politika bat barneratuz, atzera urratsik ez gertatzeko, ez jadanik irabazita ditugun espazioetan, ezta hizkuntza eskubideetan ere;
-
eta bestetik, politika proaktibo bat landuz, hiritar gehienek euskara ulertzen dutela kontuan izanik, euskarari protagonismo nagusia emateko.
Hiri akordio bat behar da, hizkuntza eskubideen berdintasunaren printzipioa zoru komuntzat ezarriko duena. Hona hemen gure proposamen nagusiak:
-
Euskararen Udal Ordenantza berritu.
-
Araudi oztopatzailea aldatu. Dbusen markesinetako publizitatearen kontratua (2019); lanpostuen hizkuntza eskakizunei dagozkien salbuespenak kendu Euskararen VI. plangintzalditik.
-
Araudi berria proposatu.
-
Zaintza atala sortu. Hizkuntza arauak beteko direla bermatzeko.
-
Euskarazko atal gehiago izendatu. Gutxienez beste hiru euskarazko atal.
-
Udalbatza euskaldundu. Plangintzan atal berria sortu, Udalbatzaren funtzionamendu osoa euskalduntzeko.
-
Eragin linguistikoen ebaluazioak doitu. Azterlanerako zer hartzen den kontuan eremu soziolinguistikotzat. Hirigintza egitasmoen ELEak baliatu inpaktua positiboa izateko.
- Helduen euskalduntzea doan. Eusko Jaurlaritzak egiten ez duen bitartean, Udalak bermatu euskara doan ikasteko donostiar guztiek duten eskubidea.
- Ikerketa, Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko araudiak Donostian duen betetze mailaz.
- Ikerketa, arlo sozioekonomikoarekin lotutako udal araudietan hizkuntza irizpideak txertatzeko aukerak aztertzeko.
- Euskarazko udal kultur eskaintza handitu. Euskarazko emanaldi eta edukien kopuruak hazkuntza jarraitua, 2024a bitartean euskarazko eskaintzak
% 100eko hazkundea izateko.
- Auzoetako plan integralak indartu.