Hiriaren beharrak
Dirua duen orok ezin du Donostiako badiari begira bizi. Dirurik ez duenak ezta pentsatu ere ez. Beraz, amai dadila badia inguruko hirigintza eta eraikuntzako dentsifikatzea. Gutxi batzuen onurarako, edo txarrenean etekinerako, guztion ondarea guztiz honda ez dadin.
Badiako aurrealdean naturatik gutxi geratzen da. Garai batean hiriak, giza esku hartzeak, oinarria ematen zien hiru txulo osatzen zuten mendiei, baita kapela ere; tartean itsasoari berdinetik berdinera begiratzen zion lehor berde boteretsua zegoelarik.
Mirakontxa galdu dugu, Igeldo bidean da. Satrustegi dorrearen inguruko espazio berdea salbatzen ez badugu, itsasargiko pasealekuaren inguruan dugun anabasa orojalea mazela osora zabalduko da, Mirakontxakoa errepikatuko delarik.
Irlan Cristina Iglesiasen artelana jarri dute, ez oharkabean pasa dadin, aurreikus daitekeen bisitarien hazkuntzak ez al dio irlari artifizializazio gehiago ekarriko? Donostiako itsasertzaren balizko hirigintzako ahalbideak zukutzea ez da hiriak behar duen zerbait.
Hiriak hiria behar du, Donostia aipatzean gogora etortzen zaigun hori, gaur egun dagoeneko errealitatea izateari uzten ari zaiona.
Hala ere, hiriak, gure marko paregabea erakusleiho soila izan ez dadin, gu guztiok behar gaitu ere, biztanleak, ausartak, ñoñoak edo kaskariñak, berdin dio, baina bertan errotuak, hiria etxea sentitzen dutenak, hiria biziko dutenak. Honetarako gu guztion ahalbideetarako etxebizitza eskuragarriak behar ditugu, iñork alde egiteko beharra eduki ez dezan, negoziorako etxebizitza hutsek donostiar petoen bizilekuak ordezka ez ditzaten.
Hiriak auzoak behar ditu, auzo bizi ondo hornituak, hirigunearen sateliteak izan beharrean guztien arteko sare ekipotentziala osatu behar dutenak. Auzoak indartu behar dira, urbanistikoki egituratu, erlazio guneak sortuz edo indartuz, fisikoki eta sozialki elkartu.
Hor bai, aldirietan, familia bakarreko etxebizitzen zenbait urbanizaziotan, dentsifikazio ekintzak egokiak izan daitezke, auzo izaera har dezaten laguntzeko, etxebizitza anitzeko eraikinekin osatutako espazio publikoa erlazio gune izan dadin, kohesioa lortu aldera; bizi kalitate baldintzak babestuz eta lurraren okupazio estentsiboa saihesteko.