Hiru urte igaro dira, hau bai bira
Auzo izaerarik ez duen Donostiako zona batekoa naizenez, kanpotar sentitu nintzen duela hiru urte Sagueseko erlojuan elkartu ginen lehen aldi hartan. Pare bat kide aurretik ezagutzen nituen arren, feminismoa izan zen bilera hartara eraman ninduena. Nik hutsune bat sentitzen nuen, eta lehen bilkura horri jarraitu zioten afariek nigan su bat piztu zuten. Gaur egun ez dut nire bizitza asanblada gabe imajinatzen, gure artean sortutako goxotasun eta sororitate hori gabe.
Talde feminista batean ez da soilik borrokarako irrika elikatzen, elkar zaintzeko gune bat sortzeko aukera ere eman digu, baita kezkatzen gaituzten gaietan formatzeko ere. Hasieran, egitura oso sinplea geneukan taldean, urteko data zehatzen inguruan antolatzen genituen gure ekintzak, adibidez, uda horretan Zipotzetan gure lehen protokoloa eta brigada antolatu genituen. Gure hastapenetan, zaintza eta formakuntzarako espazio bereizi bat sortu genuen: gafariak. Non berandu arte gauden, guk prestatutako janaria dastatuz, berba eginez eta ikasiz.
Harrezkero, taldean joan-etorri ezberdinak izan ditugu, gure funtzionamendua birplanteatu dugu, hiriko hainbat talde feministarekin saretu gara, autodefentsa tailerrak eman ditugu, auzoko askotariko eragileekin elkarlanean aritu gara, iluntze poetikoa antolatu genuen gure Pandora maitean. Zaila da talde bat zerotik sortu, eta edonoiz desagertuko ez den egitura bat sortzea: oinarri sendo bat eraikitzeari asko eskaini diogu, eta horregatik jarraitzen dugu, hiru urte geroago, gero eta indar handiagoarekin.
Egoera berezi honek gure jarduna zeharo eraldatzera behartu gaitu, baina indarberrituta aterako garela uste dut, astero bilera eta formakuntza-saio telematikoak egin ditugu eta. Datorren krisialdiak borrokatzeko eta antolatuta egoteko beharra areagotuko du, eta gu prest gaude.