Hizkuntza bizia, baita kalean ere
Duela hamar urte, norbaitek esan zidan Donostian euskal hiztunak euskara praktikatu nahi zutenekin elkartzen zirela, haien artean hizkuntzari bultzada bat emateko. Garai hartan ez neukan denbora gehiegirik, baina euskaltegian ikasitakoa mantendu nahi nuen eta, bide batez, jendearen aurrean euskaraz egiteari nion beldurra gainditu. Gainera, oso ideia ona iruditu zitzaidan: hiruzpalau laguneko talde bat osatu, leku batean elkartu kafetxo bat hartzeko, edo paseo bat emateko, edo erakusketa batera joateko eta abar. Eta hori dena euskaraz. Bagera Elkartearekin harremanetan jarri nintzen, eta urte hartan hasi nintzen Mintzalaguna egitasmoan.
Lehen esan bezala, nire helburua euskara maila mantentzea zen, baina laster ikusi nuen saioetan hori baino gehiago jasotzen ari nintzela. Nire kasuan, nabarmenena izan da euskaraz hitz egiteko lotsa desagertzea, testuinguru oso egokia sortzen baita hori lortzeko. Taldeak txikiak dira, nire egoera berean dauden lagunez eta bidelaguna edo gurekin euskaraz aritzeko prest dagoen euskal hiztunez osatzen dira taldeak. Bidelaguna praktika behar dugunon lekuan jartzen da, pazientziaz jantzita laguntzeko, eta asteak pasa ahala, gero eta erraztasun handiagoarekin hitz egiten duzu, baita zuzentasun gehiagorekin ere. Esan bezala, ekarpen nagusiena bada ere, ez da ekarpen bakarra.
Hamar urte hauetan zehar, bidelagun ugari ezagutu ditut: eskerrik asko Xabi, Pedro, Gari, Alberto, Antxon, Ander, Karmelo, Paulo eta Mikel. Bakoitza bere euskararekin, hau da, esamolde bereziekin, Nafarroatik edota Bizkaitik ekarritako hizkerarekin aritu gara. Mintzalagunak euskara modu lasai batean hitz egiteko aukera eskaintzeaz gain, zure hizkuntza aberasten du. Eta hori euskal hiztunekin aritzearekin estuki lotuta dago. Nire ustez, Mintzalagun saioetan hitz egitea oso garrantzitsua izanda ere, entzutea ere oso lagungarria da. Horrela, kaleko euskara ezagutzen dugu, eta mintzalagun taldetik kanpo gaudenean ez zaigu arrotz egiten.
Hori guztia hizkuntzari dagokionez, baina ez da dena hor gelditzen. Mintzalagunari esker, lagun asko ezagutzeko aukera izan dut. Adin, eta pentsaera anitzeko lagunak izan dira eta hori azpimarratzekoa da. Eguneroko errutinan kokatuta gaude, eta hortik ateratzeko mintzalagun saio hauek ezin hobeak dira, ohikoak ez diren gauzez hitz egiteko edota gai bati buruzko ikuspuntuak entzuteko, orain arte hausnartutako hainbat ikuspegi jorratzeko… Hitz gutxitan, zure bizitza ere aberasteko. Eta lan horretan ere zer esan handia dugu bidelariok, Mintzalaguna egitasmoko bigarren ardatza. Bego, Gurutze, Pili, Rosa, Mirenko, Anabel, Esther, Itziar… Asko izan dira nire ondoan urteetan zehar, eta guztion artean elkarrizketa ugari sortu dira.
Denok dakigu ez dela erraza lagun talde batean oreka mantentzea, eta are gehiago talde horretan ezezagunak elkartzen badira. Baina nire esperientziaren arabera behintzat, hori ez da arazo izan. Guztiz kontrakoa esango nuke, kideak entzuteko jarrerarekin joaten baitira. Hizkuntza maila desberdinak izatea akaso oztopo izan liteke, baina antolatzaileak horretan saiatzen dira, eta lortzen dute talde homogeneoak osatzea. Batzuek gehiago hitz egiten dute eta beste batzuek gutxiago, norberaren izaeraren faktorea ere hor dago, baina bidelaguna guztion mingaina dantzan jartzeko ahaleginean ez da motz gelditzen.
Horretaz gain, hamar urte hauetan zehar jende ugari ezagutu dut Mintzalagunean, eta euskaraz abiatu dugunez harremana, kalean topatzerakoan gure arteko elkarrizketak euskaraz izaten dira.
Giro polit batean aritzea, pertsona desberdinak ezagutzea eta euskara zure neurrian bultzatzea. Zerbait gehiago behar al da?
Maialen Mariscal Ribate, Bidelaguna