Hogei urte zain
Gaur bete dira 20 urte Ainhoa eta Jon Talencen (Frantzia) atxilotu zituztenetik. 2002ko Porrontxoak bukatu eta biharamunean gertatu zen, asteleheneko ohiko ajeari sekulako biharamuna gehituz. Aurten, jaietako ostiralean beteko da 20. urteurrena, jai bete-betean.
Aspalditxo osatzen ari den Egiako irudien gordailua (Gordegia.eus) ikuskatzen, sorpresa! Ainhoa eta Jon, 1990. eta 1991. urteetako bideotan: jatsieran dantzan, goitibeheretan, Urumeako estropadan, zein kuadrillen arteko jolasetan. Ahaztuta ez, baina, lokutorioko kristalak ezartzen duen moldeetara ohituta-edo, plazer handia da horrelako irudiak berpiztea, eta, batez ere, errepikatzeko aukera aldarrikatzea.
Izan ere, denok elkarbizitza osasuntsuago bat izan dezagun, motxilak arintzen segitu behar degu. Gure auzokideak kartzelan usteltzeraino mantendu nahi lituzketenak zein izaera politikoa ukatzen dietenak setakeria utzi eta korapiloa askatu beharrean daude: diseinatuta duten espetxe politika ez da baliagarria gure lagunentzat. Jonek eta Ainhoak ez dute inolako «birgizarteratzerik» behar, askatasuna ez bada. Zoritxarrez, asko dira auzotik eraman zituztenak, eta, zorionez, asko dira, baita ere, itzuli eta gure artean daudenak. Elkarbizitzarako arazorik? Bat ere ez! Orduan? A! Delituaren ordaina! EPPK-k aspaldi adierazi zuen lege arruntaren bidea jorratzeko prestutasuna. Bada, hori, izaera politiko ukatzen zaion kolektiboari izaera politikorik gabeko espetxe araudia aplikatu diezaiotela.
Batzuk sinetsarazi nahi dutenaren kontra, Ainhoaren eta Jonen izaera jatorra, ezagutza zabala eta bizitza eskarmentua, gurekin partekatzeko ez ezik, Euskal Herrian jendarte hobe bat eraikitzen laguntzeko oso baliagarria izango zaizkigulakoan gaude.