Horra zer den gure Donostia
Euskaltegian maiz jorratzen dugu turismoa. Atzerritarrez jositako Donostiari buruzko entzungaia jarri ohi dut. Bertan, probintziatik etorritako bisitaria kexu da beste bisitariek izorratu egiten baitute berak gozatu nahiko lukeen Donostia jatorra. Autopilaketan errua beste gidariei leporatzearen gisan.
Ikasleen artean sarritan da Donostiara «hemen daukagun bigarren (ala enegarren) etxera» etorritakorik. Ikasturtean zehar ikasleei alokatu eta udan familiak badu porrak non pasa.
Turismoaz eztabaidan, asko izaten dira (gara) kritiko gauza askorekin, baina euren oporrak aipatuta, alternatiba gutxi ematen da. Airbnb, Uber eta antzekoak ez zaizkigu nahi bezain arrotzak.
Hainbat bidetatik jaso nuen Maddalen Arzallusek Donostiako ereserkiari egindako moldaketa. Edukia arrazoizkoa izanik, gustura entzun nuen. Azkenean, baina, jaso eta jasotzearen poderioz eta zeinek bidaltzen zuen ikusita, zalantzak hartu ninduen: ez ote da Donostiari kritika egitea beste tokietako arazo berak zuritzeko aitzakia cool eta guay bihurtu?
Izan ere, inork pentsa lezake hiriburutik at Gipuzkoan ez dagoela etxe espekulaziorik, ostalariek asanbladetan ezartzen dituztela prezioak eta sagardotegiak herri komunak kudeaturiko kooperatibak direla. Balirudike, halaber, Donostian etxebizitza, hotel, taberna eta jatetxe jabeak donostiar peto-petoak edota urruneko kanpotar diru-goseak direla. (Urrun = norbere muga mentaletik haragokoak)
Arazoa ez da Donostiaren egoera mahaigaineratzea, ez, horixe! Donostiarrok dugu, hiritik joan behar izan dutenek bereziki, interes handiena arazo horiek adierazten. Azpimarratzen dut, ordea, Donostiari buruzko estereotipoak zein erraz zuritzen dituen besteak, arazo horiek Donostian eta gutxi batzuen erruz besterik emango ez bailiran. Gaitza beti besteak direnez, geure hiriak ederki balio du kritiken jomuga mugatua izateko.
Esan dezala inork, bestela, halako hirian euskara apurrik ez dela entzuten edo delako alderdiaren jabetza pribatua dela. Oldartuko zaizkio ahoberoari –arrazoiz– hainbat eta hainbat erantzun mindu eta gogoraraziko diote han erresistente andana dagoela, aipatzea merezi dutenak.
Donostian, antza, ez dago erresistentziarik. Denak gara kaskarinak geure hiria saltzen duten bitartean danborra jotzen. (Bide batez, bai astunak donostiarrak euren danborradarekin, gaixoak entseguak jasan eta bere negarrak sare sozialetan elkarbanatu behar izan dituztenak.)
Beno, bai, bada Ñoñostian salbatzea merezi duen kolektiboa: piratek damolate! Donostiarroi mesede egiten digutelako? Ez, bada. Egiten digute, bai, baina piratatak bertako beste kolektibo batzuk baino ezagunagoak izatearen arrazoia ez da donostiarroi ekartzen diguten onura. Aitzitik, hemengoa ez den jendeari festa aspergarri eta zozo horietara etortzeko aukera emateak egiten ditu ezagun. Horrela, gu bisitatzearen mesedea egiten digute ez-donostiarrek. Jakina, guri mesede egitearren etortzen baitira, hirian arrasto negatiborik utzi gabe.