Ibilian ibilian Donostialdean
Azken urte honetan hamaika ekimen izan dira Euskal Herrian, eta milaka pertsona dinamikaren parte. Donostialdean ere auzo eta herrietako hainbat eremutan zabaltzen hasi ginen Izan bidea dinamika, eta horretan ari gara. Berebiziko garrantzia ematen diogu eremu anitzetan gure aldarria zabaltzeari: gastronomia elkarteetan, sindikatuetan, udal taldeetan, mendi elkarteetan, ikastetxeetan, mugimendu feministan… Eta oraindik ere asko dira jorratu nahi ditugun esparruak eta moduak. Hilabete hauetan kalejirak egin ditugu, motxiladun umeen egoera plazaratzeko martxa Martuteneko espetxetik, gaixo zegoen preso baten askatasuna eskatzeko elkarretaratzea, mosaiko erraldoia hondartzan, Frantziak kanporatuko zuen eta espetxeratzeko arriskuan zegoen herritar baten aldeko argazki herrikoia, gailurren ekimenaren ordez Ibaetako pilotalekuko agerraldia, duela bizpahiru asteburuko hiru mendien ekimena, deportatuen egoerari buruzko liburuaren aurkezpena…
Guztiontzat urte gogorra izan dela badakigu, baina kartzeletan are eta gogorragoa izan dela. Ez dakigu jendeak egin ote duen pandemia kartzeletan bizitzea zer den irudikatzeko ariketa. Familia besarkatu gabe hamabost hilabete egotea zer den ba al dakigu? Ume batentzat edo oso heldua den persona batentzat hori zer den irudikatu al dezakegu?
Ematen ari diren pausoak positiboak dira, baina etxeratzeko bidea oraindik luzea da. Oraindik asko falta da, eta beste erritmo bat behar dugu gaixoak eta 3/4ak beteak dituztenak etxeratzen, gradu progresioa guztiz irekitzen, zigor batuketa ezartzen, lan baimenak lortzen, presoak modulu bakar batean elkartzen, ohiko legedia aplikatzen…
Asko dago egiteko, eta guztion ekarpena beharrezkoa da. Urraketa bakoitza salatzen segituko dugu. Adostasunak eta akordioak ditugu buruan. Atzean utzi nahi dugu garaituen eta garaileen kondaira. Elkarbizitza lantzeari ez diogu utziko, sinestuta baikaude bidea hori dela eta denon artean azkarrago eta errazago egingo dugula preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea.