Idoia Aierbe, ez adiorik!
Idoia Aierbe joan zaigu. Berria harritasun erlatibo batekin jaso dugu, duela denbora dezente bagenekien bere osasun egoera ahula zela eta. Itzaltzen zihoan. Bere kideak eta berak Intxaurrondon jasandakoak azaltzerakoan zenbait kontzientzia aztoratu zituen ahots hura aspalditik isildua zegoen.
Gutako askok Mikel Zabalzaren laguna bezala ezagutu dugu. Idoiari buruz eduki ditugun kontaketa ia guztiak han gertatukoarekin lotuak izan dira: atxiloketa, inkomunikazio egun luzeak, salatutako torturak, Mikel bere lagunaren heriotza eta desagerpena, egiaren eskaera, pairatutako sufrimenduaren atzetik sortutako gaixotasuna…
Horretaz haratago Idoia emakume handi bat izan zen, eta garbi azaltzen dute zuzenean ezagutu zutenek. Gazte alaitsu, bizitzeko gogo handikoa, kirolaria, euskaltzalea. Izaera sakoneko emakume gaztea, militantea, langilea.
Emakume hori ia desagertu zen atxiloketa gogor eta esperientzia bortitz hori jasan eta gero. Bere bihotza penaz beterik geratu zen. Etsipena bere sufrimendua eta bere lagunaren heriotzaren errudunen erantzukizun eskaera edo aitortzarik inoiz ez zuelako bizi. Eta horrela joan zaigu, Mikelen heriotzari buruz hain argi ezagutzen zuen egiari buruzko aitortza ofizialik ezagutu gabe. Berak inoiz ez zuen isiltasuna onartu, beti azaldu zuen bere testigantza, beti egia argitzeko bidean jarraituko zuela ziur gaude. Beti Indartsu mantendu zen, bai estatuko aparatuen gezurren aurrean baita ere pairatu zuen gaixotasun larriari aurre egiteko orduan. Inoiz ez zuen etsi.
Une gogor hauetan familia eta gertukoen ondoan egon nahi dugu. Beraiek inork baino hobe dakite Idoiak zeraman zama Intxaurrondokoa jasan eta gero. Beti zaindu dute bere osasunaren gain beraren lekuko izanik, egun batean bakarrik utzi gabe. Bide honek garbi adierazten du zer nolako pertsona zen bera eta azken arnasaraino babestu duten guztiok. Gure aitortza eta dolumin estuenak ezer baino gehiago.
Bukatzeko ozenki berresten dugu lanean jarraitzeko gure konpromisoa, 1985ean gure historiaren une gogor hori inolaz ere ahaztu ez dadin eta Mikel, Idoia, Jon eta Manuelekin gertatutakoaren aurrean egia aitortza eta justizia lortu arte.
Besarkada handi bat Idoia!
Joxe Ramon Zapirain Larraza (Altza eta Orbaitzetako Mikel Zabaltza Gogoan Herri Ekimenak)