Ikusi-makusi
Estorea altxatu dut. Eguna lainotuta jaiki da. Argi printza ahul batzuk sartu dira gelara, eta zu ere lainotuta ikusi zaitut, aspaldian ez bezala. Keinu batez zer duzun galdetu dizut, baina «jakingo banu!» esan nahiko bazenu bezala irentsi duzu behazuna. Zuri beha geratu naiz. Ikusezina zarela usteko duzu, baina etzara. Batzuetan, zerorrek ere egin beharko zenuke ariketa hori, zuri begira jartzekoa. Beti esaten dizut: ez zaitez gainontzekoekin konparatu. Baina ez didazu sekula kasurik egiten. Zure pertsona jarri behar duzu balioan, zure eztarriz urratutako bide hori, edo bideak urratutako eztarri hori, deitu iezaiozu nahi duzun moduan. Ez dakit zergatik tematzen zaren konparaketetan, egia esan, nekagarria zara istorio horrekin! Inbidia eta egoa besterik ez dituzu elikatzen horrela, zuk ere badakizu ondo. Biak negatiboak. Oso negatiboak, beraiekin zer egin ez badakizu. Eta ezkor jokatzen bukatzen duzu. Noiz egingo didazu kasu? Ez jarri aurpegi hori, gauzak argi eta garbi esaten ari naiz, sentitzen ditudan moduan. Edo nahiago duzu zurikeriatan aritzea? Ez da horrenbesterako eta… lasai zaitez. Eguna hasteko bada ere sehaska kanta bat abestea ideia ona izan liteke. Seguru Valiumak baino hobe egingo dizula. Kantaiozu ameslari txiki horri, berarentzat ari baitzara lanean, ez ahaztu. Haur hori da zaindu behar duzuna, oraingoz ez besterik. Zerbait kontatu nahi dizunean bestelako lanetan entretenitzen bazara, baina, azkenean garrasika hasten zaizu, ez duzu uste? Hartu arnasa. Sekula ez omen da berandu eta. Sinetsi egin behar duzu, egin irribarre. Bai, behartu bi ezpainak alboetarantz luzatzen, gogorik izan ez arren. Norberak alda omen dezake horrela bere aldartea. Begira, ostarteak zabaldu dira. Lortuko duzu. Ondo, pixka bat gehiago. Eutsi horri. Lehenago ere pasa zara harri beraren gainetik. Bizi gaurkoa. Benga, altxa, segi, utzi mamuak eta kalera. Baina bihar ez ahaztu. Zatoz berriro ispilu aurrera, izango duzu eta zer ikusi.