Inor ez da ilegala. Pertsona guztiontzat eskubide guztiak
Kontxa, Alderdi Eder eta Boulevard; Zurriola, Kursaal eta su artifizialak; luxuzko hotel, zezenketa eta noria, nola ez, noria. Horixe da batzuek lau haizetara zabaldu nahi duten Donostia. Baina Donostia ez da bakarra munduan, ez. Sarriegiren doinuez lagundurik txiki-txikitatik abestu ditugun hitz horiek egia ez direla ikusten joan gara urteen poderioz.
Guk bizi eta ikusten dugun Donostia ez da hori, ezta gutxiago ere. Etxe kaleratze, prekaritate eta miseria; elkartasun, lankidetza eta auzoak; 250 migratzaile kale gorrian, beste hainbat ez migratzaile egoera berean eta harrera zerbitzurik ia bat ere ez.
Donostian lan eta/edo bizi garen oro eskubide guztien jabe izan beharko genuke, baina hain kosmopolita eta “kanpora begira” bizi den Donostia honi, barrura begiratzea ahazten zaio maiz. Kanpora begiratzen duenean ere, argi dago norabide batzuetara soilik begiratzen duela. Nora begira ari da 2018ko uztailean 160.000 turista baino gehiagori harrera egiteko gai den hiria eta egoera zaurgarrian dauden ehunka batzuk migratzaile kale gorrian uzten dituena? Berriz diogu, nora begira ari dira instituzioak?
Ez dugu Donostia txuri edo beltz ikusten, hamaika kolore baititu gure herriak, hamaika adierazpen, hamaika pentsatzeko modu, hamaika desira… Baina udaraz geroztik bizi dugun fenomeno hazkor eta iraunkorrak zirt edo zart egitera bultzatzen gaitu gutako bakoitza, erabaki beharra dugu: Irabazi ekonomikoak ala bizitza, urrezko Donostia ala Donostiarron Donostia.
Ez dugu pertsonen kategorietan sinesten, ez dugu inor etiketatu nahi. Gu eta besteak dikotomia apurtu eta gu berri bat eraiki nahi dugu: herritar xehez osaturiko gu berri, zabal eta anitz bat. Pertsona erdian izango duena, kolektiboa zaindu eta indartuko duena, guztion Donostia eraikitzeko lan egingo duena. Ez dugu inor ilegala izan dadin onartuko eta pertsona guztiei eskubide guztiak errespetatuak izan arte ez dugu etsiko.
Siriako gerrak eragindako migrazio hazkuntzak berriz ere mahai gainean jarri zuen migrazioaren gaia, baina horiek gizakia gizaki denetik ematen diren fenomenoak dira. Euskal Herria ere herri migratzailea izan da historian zehar. Baina argi izan behar dugu migrazio prozesu guztiak ez direla berdinak. Hainbat migrazio bortxaz eginikoak dira, halabeharrak eragindakoak. Hausnarketa sakon bat egitea dagokigu guri. Gure erroak, gure historia eta gure egungo bizimodua aztertu eta migrazio horietan zein paper eta ardura ditugun aztertzeko unea ere bada. Non ekoizten da, eta zein baldintzatan, kontsumitzen duguna? Nora doa gure zabor teknologikoa? Non eta nola ustiatzen dira gure bizimodua “eroso” bilakatu asmo duten lehengaiak? Nork eta zein baldintzetan zaintzen ditu gure haur eta helduak? Nork eta nola garbitzen ditu gure etxeak? Nork ekoizten ditu gerrak elikatzen dituzten armak?
Pertsonak albo batera uzten dituen sistema basati honen zurrunbiloaren erdi-erdian gaude. Horren baitan kokatzen ditugu gaur egun sistemaren defendatzaileek hartzen dituzten neurriak ere: izan frantziar estatuak “beroan”, legeari muzin eginez, bere herrialdetik bertara lanera eta bizitzera joaniko herritarrak kanporatzen dituenean nahiz espainiar estatuak Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan lehorreratu nahi duten Aita Mari eta Open Arms ontziei sarrera debekatzen dienean. Donostiako udalak ere badu bere ardura, ehunka herritar kale gorrian izatera kondenatzen ari baita, etxeak, metroak eta hotelak eraikitzen jarraitzen duen bitartean. Noiz arte? Noiz arte geratu behar dugu besoak gurutzaturik? Kalera irten gaitezen eta Euskal Herria, Donostia, Harrera Herri izan dadila aldarrika dezagun batetik eta migrazio behartuen kausak borroka ditzagun bestetik.
Bai, zirt edo zart erabakitzeko unean gaude: batzuon pribilegioak ala denon eskubideak. Ezin baitugu ahaztu pribilegio oro eskubideen zapalketan eraikia izan dela. Gure asmoa eta proposamena, norberak beretik jarriz, gure herrietan bizi diren pertsona guztien eskubide guztiak bermatzeko lan egiteko prest dagoen talde, eragile, asanblada eta norbanako oro harremanetan jartzea da, saretzea. Gure ustez batuta soilik lor genitzake aipatu helburuak. Horregatik dei ireki bat burutzen dugu, parte hartze ireki eta zabal baten bidez, gutxieneko adostasun batera iristeko eta elkarlan batean aritzeko. Igandean eginiko manifestaldia lehen abagunea izan zen, baina hortik aurrera lan eskerga edukiko dugu egiteko.