Irati Urkiola: 'Azaroa = ?'
Konturatzerako iritsi zaigu azaroa, eta hilabeteko zutabea idazteari ekin dio I-k. Kanpoan, azaroak ohikoa duen giroa, eta barruan, zubia bukatu izanaren nostalgia. Hala, hilabete honetako zutabea salbatuko duen zerbaiten bila edo, Elhuyar hiztegira jo du I-k, eta “azaro” hitza idatzi bilatzailean.
Bertan, hilabetearen gaztelera, frantses eta ingeleseko itzulpenak aurkitzeaz gain, ondorengoa ere topatu du adieren artean: “Siembra, sementera” eta “lluvia benefica de cualquier epoca” gaztelaniaz, eta “temps des semailles” frantsesez. Askok jakingo zenuten agian “azaro” hitzak hau ere esan zezakeela; baina, I-k ez zuen ordura arte horren berri.
Eguneko deskubrimenduak harriturik, hitzaren esanahiean murgildu, eta ideiak lotuz iritsi da I “Euskaraldia” hitzera. “Nolatan?” galdetuko duzue batzuek. Baina, ez al diozue zuek “lluvia benefica” edo “temps de semailles” kutsua hartzen ekimenari?
Azken zifren arabera, 60.000 pertsonak eman dute izena egitasmoan, eta gehienok ahobizi delakoan izena eman badugu ere, badira haien hizkuntza ohituretan aldaketa bat sumatu nahi duten belarriprestak ere. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra. 11 egun euskaraz biziz. Ez al da hau euskara hauspotzeko ekimena? Ez al da arnasgune? Ez al da euskara “ereiteko” ekimen?
Zientzietan ongi moldatzen ez bada ere, honako ekuaziora iritsi da I: “Azaroa = Euskaraldia. Azaroa= Lluvia benefica (de cualquier epoca). Temps de semailles. Euskaraldia = Lluvia benefica (de cualquier epoca). Temps des semailles”
Eta garaira aurreratu bada ere, euskaraldia gauzatu gabeko errealitate bat bada ere, ezagutu ditu I-k Euskaraldia ekimenaren antzekoak Donostian. Gogoratu, bestela, Egia eta An?orgakoak, gogoratu Donostiako Piratek antolaturiko Hartu Txanpa ekimena. Mihiak euskaraz dantzan jartzea baino ekimen arrakastatsuagorik? Lluvia benefica. Temps de semailles.
Haren ekuazioan kontzentratuta, zutabea forma hartzen hasi zaionean sentitu du I-k kalanbrea. Euskal hiztun izanagatik, euskaraz hazi, hezi eta ikasiagatik, “azaro” hitzaren esanahia begiratzeko Elhuyar hiztegira jo duela ohartu da. Elhuyar itzulpen hiztegira. “Azaro” hitzaren esanahia gaztelera eta frantsesez irakurtzera. Kalanbrea eta ziztada. Ezinegon horretan, hala ere, ohartu da ere euskaraldiaren “jolasa”-k horretan datzala: gure hizkuntza ‘ohitura’-k behatuz, kalanbrea sentitu, eta hori aldatzeko nahiez aurrera egitean.