Irutxuloko Hitzak 15 urte
Irutxuloko Hitza-k 15 urte betetzen dituela eta, lehenik eta behin, zorionak, hori posible egiten duzuen guztioi. Batez ere, proiektu horretan lanean ari zaretenoi. Izan ere, Donostian euskara normalizatzen lan handia egiten ari zarete urteak joan urteak etorri.
Zuen irakurlea naiz, hastapenetatik; horrez gain, harpideduna ere bai, eta azken aldi honetan, noizbehinka, kolaboratzailea ere banaiz. Betidanik, lanbidea dela kausa, eta euskaltzalea naizelako, astekariaren sustatzailea ere bai.
Urte hauetan guztietan Donostiako astekari euskaldun honek gorabehera dezente izan ditu, krisiak barne, hala ere, jakin du aurrera egiten gaur egun dena izatera heldu arte.
Gogoratzen dut Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea, eta euskaltzaleen erreferentzia nagusia izan zela Irutxuloko Hitza proiektuaren sortzailea. Garai horretan, hemen bezala Euskal Herriko beste zenbait lekutan ere hasi zirela honen antzeko egitasmoekin. Hemen, Donostian, urte askotan Bagera elkarteko zuzendaria izan den Dani Goñi dut gogoan. Bera ibili delako proiektu hau gauzatzen buru-belarri euskaltzale eta militante lanetan.
Gogoratzen dut, hirian zehar, auzoz auzo banatzaileak jarri zirela eta edozeinek jaso zezakeela aldizkaria. Gainera, gune askotan (kioskoak, euskaltegiak, kiroldegiak eta abar) ostiralero uzten zela Hitza jendeak doan har zezan.
Gogoratzen dut Hitza hasieratik euskaltegietan lan-tresna garrantzitsua izan dela, hurbila delako, hau da, hiriko eta auzoetako berriak ematen dituelako, irakurterraza, testu laburrak euskara errazean egiten dituelako, eta, beraz, ikasten ari denarentzako egokia.
Gogoratzen dut lan egin dudan euskaltegiko Isidro Yoldi zuzendaria astekariaren alde konprometituta ibili dela hasieratik, eta egun ere antolakuntzako kidea dela, horrek esan nahi duen guztiarekin.
Gogoratzen dut Bego Etxebarria. Bera izan zelako bai Bagera elkartearen sortzaileetako bat, bai Irutxuloren sustatzaile, bai Elkarrizketa Filosofikoak taldearen sortzailea, beste gauza gehiagoren sortzailea izateaz gain. Inguruan zituen guztiak animatzen zituena euskararen normalizazioan aurrera egiteko. Tresnak beharrezkoak genituela, eta horietako bat astekaria zela eta horren kontzientzia sortu ziguna izan zen.
Gogoratzen dut, halaber, Aitziber Iartza eta Ander Usabiaga bikotea, urteetan zehar jo eta ke aritu delako proiektuak aurrera egin dezan. Gainera, Anderren kasuan aipatzea merezi du Irutxuloko Hitzatik hasi zuela gero Gaztezulo bilakatu den,jada, Euskal herrira hedaturik dagoen aldizkaria.
Gogoratzen ditut, baita ere, urte hauetan guztietan izan diren zuzendariak eta langileak. Sarri edo beti baldintza ekonomiko eskasetan aritu direnak lan handia egiten.
Amaitzeko, aipatu nahi dut Irutxuloko Hitza (zein polita den izena) errealitate bat bada 15 urteko historiarekin, eskerrak eman behar zaizkiela aipatu ditudan horiei ez ezik, orain talde eragilea osatzen dutenei ere. Udalari eta Aldundiari ere bai, laguntzen dutelako.