Izan nahi genuena, eta garena
Txikitan, handia izatean zer izan nahi genuen galdetzean ez dakit zer erantzuten ote nuen, baina txikitatik izan dut garbi musikari dedikatuko niola nire bizitza. Bizitzan argi izan dudan gauza bakanetakoa da hori; urteak pasa dira, testuingurua aldatu, lagunak, hiriak, herria, bizitokia… baina musika beti hor, eta ni bere alboan.
Baina orain nire buruari galdetzen badiot ea musikari izan nahi ote dudan erantzuna ez da hain erraza. Nahi? Bai. Ahal? Hor hasten dira buruhausteak. Francisek (Doctor Deseo) esan zuen: «Musikatik bizitzea erreza da; izan zaitezke manager, runner, argi teknikari, alokairu enpresa, soinu teknikari… edozer gauza, musikaria bera izan ezik, abesti sortzaile izan ezik: kate guztian oinarrizkoa den elementua izan ezik».
Orain askok esango dute: «baina teknikariak ere ezin dugu pandemiaren aurrean honetatik bizi». Eta arrazoi osoa dute. Horren eredu Teknikariok sindikatua, berri on bat urte ilun honetan. Baina ez ahaztu, sortzaile batek soldata bat izan dezan, bera dela azkena dirua etxera eramaten, lehen aipatutako guztiei soldata ordaindu ondoren, geratzen denarekin fakturak ordaintzeko. Nire esperientziatik diot, gure kasuan (Liher) ez baitu portzelanazko txerritxoak, taldekide bakoitzari soldata bat ordaintzeko adina diru ematen, juxtu juxtuan proiektua bizirik mantentzeko baizik.
Asko dira kulturaren sektorea diru publikoz laguntzea begi txarrez ikusten dutenak, ez da izango herri honetako enpresa handienek dirurik jasotzen ez dutelako, ezta? Edo ondoren pribatizatuta amaitzen duten enpresek aurrekontuen ehuneko lotsagabe bat jasotzen ez dutelako, ezta?
Badakizue zer gertatzen den? Doan dela hitz egitea, doan mikrofono aurrean edota sareetan adierazpenak botatzea, eta horrexegatik jasan behar ditugu sortzaileok «kultura sailburu» inkontziente baten hitzak, besteak beste. Ez baitago legez erregulatua, zentzurik txarrenean, lotsagabe izatea.
Eta hau guztia kate bat da, bai hau ere bai; hasi gobernutik eta zure mugikorreraino. Ez bagara kontziente kulturaren egoeraz, ez baditugu kalitatezko hedabide publikoak euskaraz eta euskararentzat kalitatezko edukiak sortzeko, zertan ari gara gizarte moduan? Hau, behinik behin, ez da txikitan nahi nuen hori.