Izena badu behintzat
«Izenak izana du» edo «Izena badu, bada». Halako zeozer pentsatu bide zuten Goiak eta Gascok, Miramarreko kartela jartzerakoan. Nahiz eta alkatea trasteria hori kentzeko ala lekuz aldatzeko prest azaldu den, beldur naiz arazoa sakonagoa dela. Nago kartela irudikatu duen buru berak ezarri dituela azken agintaldiko nondik norakoak. Eta hori ez da ditxosozko kartela kenduta konpontzen.
Sebastian bat badela zeruan eta Donostia bakarra munduan mailukatzen ditugu belarriak urtarrilaren 20an. Hiri honek izena baino, izenak ditu: bi hizkuntzatan ofizialak, kalean erabiltzen direnak, astekari honek erabiltzen duen Irutxulo… Esango nuke ez dugula laguntza handirik behar zein hiritan bizi garen geure buruari gogorarazteko.
Alabaina, turisten argazkiei so direnek ere jakin behar omen dute zein den begi aurrean duten hiri ederra. Hala, norbaitek beharrezko jo du Miramarretik ateratako selfietan «Donostia/San Sebastian» agertzea. «Opor hiria/Ciudad de vacaciones/New Venetia» gehitzea zuten.
Maiz aipatu ohi da turistak mugagabe ekarri nahiaren azpiko diruzalekeria. Ezin ukatu hori badagoenik, eta ziurenik arrazoi nagusia da. Denarekin, bigarren mailakoa izanda ere, faktore bat gehituko dut: hainbatek badute kanpokoen onarpena lortzeko premia aseezina.
-Esaidan, zoriontsuak al ditun SS izeneko toki horretako biztanleak?
-Ez dakit, baina izena badiate, ba. Nazioarteko zinemaldia «Berlinek bezala», noria «Londresen moduan», metroa «Bilboren antzera»…
Badirudi, batzuentzat hiri hau ez dela nor, ez dela zer; baldin eta mundu osoan zehar izenik ez badu. «Bagera»-la jakin dezagun, besteek aitortu beharra digute. Hainbesterako, non gure txoko eder baten berezko edertasuna «Donostia/San Sebastian» dioten letrez bete behar zen. BTX taldeak abestu zuen moduan: Hauxe da gure izena, izana eta ezina.