Jabe bihurtzea
Hamarkadak daramatzagu itxurazko paradoxa batean bizitzen: etxebizitza-kontuetan Estatuko hiririk garestiena izanik ere –alderdi guztientzat, ezkerreko zein eskuineko, gai kezkagarria hauteskunde-programetan, eta aurre egin nahi diotela eta eskuragarriak bihurtu nahi dituztela diote–, etxebizitzaren aldeko mugimendu donostiarra ez da jendetsua. Aurpegi ezagun bakarra urrezko danborra jaso zuen Rosa Garcia da, eta horrek larrialdiak salatu besterik ez du egiten.
Politikariek emandako hitzek merkatuaren logikarekin egiten dute topo. Jabegoa (eta hori ustiatzearen ondoriozko onurak) inork ireki nahi ez duen meloia da, nolabaiteko «amets egiteko eskubidea» hautsiko baikenuke: ordaintzeko zailtasunak dituzten maizterrak ere –lan-merkatuaren burugogorkeria gorabehera– egunen batean jabe izango direlakoan daude, horixe baita «normalena». Putre-funtsak hona eta ez beste leku batzuetara iristeko arrazoia da –logika txertatuaren– bidearen zati handi bat egina dutela jada, eskala txikian. Logika horiek gutxi gorabehera oinarri demokratikotzat jo ditzagun lortzea –«Nire diruak diru gehiago sor dezala»– gero eta urriagoak omen diren adostasun horien baitan dago.
Gazte donostiarrak –familia osatzen dutenean, batez ere– otzan-otzan joan dira hiritik inguruko lo-herrietan bizi izateko. Isidro Lopez soziologoak jabegofilia deritzonaren barnean, eta aurreko krisiak eragindako kalte ikaragarriak gorabehera, «alokatzea dirua botatzea da» pentsatzen jarraitzen dugu. Jabe txikia –urruneko putre-funtsa ez dena–, aldiz, pozarren dabil turisten etorrerarekin.
Geure burua aurrerakoi samartzat dugu, Espainiaren bestelako samartzat, baina dudarik ez dago –eta hau ez da gauza berria– hiriak gai honi dagokionez Estatuan nagusi den sen onari jarraitzen diola, are han baino nabarmenago ere: barneratuta dugu etxebizitza duina izateko eskubidea etxebizitza jabegoan izateko eskubidea dela. Eta ahal bada, eta banketxeak uzten badit, bigarren etxebizitza eskuratuko dut, zutabe hau idatzi duen burugabearen modukoei alokatzeko eta haien lepotik bizitzeko.
